Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko udal liburutegiak 100 urte beteko ditu apirilaren 8an

2007/03/30
1907ko apirilaren 8an inauguratu zen udal liburutegia, beraz, aurten 100 urte beteko ditu. "Eibar:100 urteko irakurketa publikoa" erakusketa martxoaren 30ean inauguratuko da eta apirilaren 29ra arte izango da ikusgai Portalean. Apirilaren 17an, Xabier Agirre eibartarrak "Tolerantziaren gaineko disertazioa" liburua aurkeztuko da eta apirilaren 23an Bernardo Atxaga izango da.

Azpimarratu behar dena da Eibarren beti egon dela horrelako zer berezi bat liburuekiko; irakurzaletasun handiko herria izan dela eta orain ere –datuak hor daude- hala dela.

Udal liburutegiaz gain, gerra aurrean, Eibarren, alderdi politiko guztiek zuten euren biblioteka, Centro Obrerokoa oso maitatua zen. Hala da, herriak XX. mendean zehar horiez gain beste liburutegi asko izan ditu: Klub Deportivokoa –antzinakoenetakoa-, Txirio-kalekoa "Hijas de María"rena; Kulturalekoa, Alfa enpresarena, eskoletako liburutegiak... Adibide gisa esan 1962. urtean Txirio-kaleko liburutegiak 1.100 liburutik gora zituela eta ehun bat irakurle hilero. Urte hartan, Klub Deportivoko liburutegian 663 liburu zeuden eta euren aldizkariko erresena txiki batean azpimarratzen zutenez irakurle gehienak gazteak ziren.


Alfako liburutegia, 1962.

Udal Liburutegia, hasiera: 1905ean, Gizarte Erreformarako Junta lokal berria eratu zen, Aquilino Amuategui, Jose Guisasola Bolumburu eta Marcelino Bascaran hirukoteak osatutakoa; kontzeju zaharrean edo udaletxe zaharrean, lokal batzuk apaindu eta liburutegia jartzeko eskabidea egin zuten. Udaletxe zahar hura, Elgeta kaleko 1ean zegoen, parrokiaren parean. Udaletxe berria Untzagan egin zenetik -1901eko irailaren 14an inauguratua- han geratu ziren inspekzioa, epaitegia eta Marrazki akademia.


"Akilino Amuategi" liburuaren azala.

Bestalde, udalak aurrekontuan liburutarako zituen 500 pezeta haiek liburuak erosteko erabili zuen; eta inaugurazio ofiziala 1907ko apirilaren 8ra arte izan ez bazen ere (inaugurazioa egin eta herritarrei gonbidapena luzatzeko erabakia 1906ko urriaren 31n hartu zuen udalak), liburutegiak urtebete zeraman martxan; lanegunetan arratsaldeko ordu batetik zazpietara, gauez 8etatik 10etara egoten zen zabalik. Jaiegunetan goizetan baino ez.


Udaletxeko liburutegi zaharra

Udal Liburutegiaren datu batzuk.

Ezinezkoa izango litzateke zabaldu zenetik hona udal liburutegia zenbatek zapaldu duten esatea; zenbat liburu erosi diren urte guzti horietan esatea… Datu xume batzuk eta bitxikeriaren bat edo beste baino ez dugu emango:

  • 1961ean, liburutegiak 2714 liburu zituen; azaroan 3.055 pertsona joan ziren, gehienak gizonezkoak. Autorerik irakurrienak J. Verne eta Dickens ziren.
  • 1968an 22.827 irakurle izan zituen; 4784 liburu zeuzkan. Martin Vigil idazlearen nobelak ziren irakurrienak, baina urte hartan Gironellaren "Ha estallado la paz" liburuak hautsi zituen marka guztiak.
  • 1976an 26.405 pertsona bertaratu ziren; liburuak 6.180 ziren. Handik hamar urtera, 1986an 11.000ra jaitsi ziren liburutegira gerturatu ziren eibartarrak; 4.309 izan zirenl 1992an.

Gorakada 1996. urtean heldu zen, Portalera joan zenean, 11.884 liburu maileguan emanda; 39.814 izan ziren 2004an eta 46.313 handik urte bira, 2006. urtean; urte horretan 159.152 pertsona gerturatu ziren.

Gaur egun Eibarko liburutegiak 41.461 liburu ditu, historian izan duen liburu-kopururik handiena.


Juan San Martin liburutegia, Portalean

Umeen Liburutegia 1996an hasi zen; herriko bibliografiaren atal berezi bat ere badago. 2005ean libururik irakurriena "Soinujolearen semea" izan zen, Atxagarena, eta "Gizona bere bakardadean" ondoren, egile berberarena. 2006an, "110. Street-eko geltokia" Iñaki Zabaletaren liburua nagusitu zen eta ondoren, "Riomundo", Jon Maiarena. Erderaz, "El Código da Vinci" izan zen libururik eskatuena, bai 2005ean eta baita 2006an ere, horren atzetik, eskatuenak, "La sombra del viento" Ruiz Zafónena, "La hermandad de la Sábana Santa", Navarrorena eta "Angeles y demonios", Brown-ena.

Liburutegia handitu egingo da 2007. urtean, jende gehiago hartzeko eta leku gehiago izateko.

Mendeurreneko egitaraua


Dokumentuaren akzioak