Eibartarrak Coliseoan: Fran Lasuen eta Kixka Taldea
Fran Lasuenek "Denborak" izeneko bere azken lana aurkeztuko du.
Lasuenek ibilaldi luzea egin du musikaren alorrean, bakarrean nahiz taldean: Eibarko Izukaitz taldean aurrenik, Oskorrin gero, Eskuada Zaharra, Txatanuga Futz Band, Eguen Banda...
Eibarko Izukaitz taldean zegoela, 1978an "Izukaitz" diskoa eta 1980an "Otsoa Dantzan" kaleratu zituzten. Oskorrirekin hainbat eta hainbat lan kaleratu zituen ("Hau hermosurie", "In franganti"...), Eguen bandarekin "Eguenetako kantuak", Txatanuga Futz Bandarekin "Ha umoria" edo "Hot Mambo"...
2003an, Astelena Frontoian, Klub Deportiboak antolatuta, Eibarko kantu zaharren jaialdi handi bat zuzendu eta koordinatu zuen. Eibarko abeslari eta talde guztiek parte hartu zuten egun hartan.
Coliseoan aurkeztuko duen azken lan honetan -fusioko musikaren lanik arriskutsuenetakotzat hartua izan dena- besteak beste, bere Eguen Bandako bidaia lagunek hartu zuten parte eta gaur egungo musikagintzan eredu argi diren Mafalda Arnauth lisboarraren ahotsa , Niño Joseleren gitarra eta Kepa Jukeraren soinua barneratu zituen.
Coliseoan izango da, apirilaren 27an, barikua. Gaueko 10etan. Sarrera 5 euro, takilan edota www.kutxa.net-en.
Kixka taldea
Kixka taldea, Javier Hernandok eta Karmele Etxebarria eibartarrek osatzen duten taldea, 1990. urtean sortu zen Eibarren eta antolatzen dituzten jarduerak haurrei zuzendutakoak izaten dira. Helburu nagusia hauxe da: txotxongiloa giroa eta mundua haurrengana hurbiltzea, eta antzezlanetako hainbat egoeratan beraiek, haurrek, ere parte hartzea. Alaitasuna, mugimendua, mimoa, ilusioa eta bizitasuna.
Leku askotan jardun du eta dihardu Kixka Taldeak bere lana taularatzen: Ondarroa, Gasteiz, Lekeitio eta bere lan batzuk aipatzearren, "Txerriketan berriketan" edo "Bikote bihurria" aipa genitzake. Eibarren aurkeztuko duenak "Txuri-beltz" du izenburu.
Zapatu honetan, apirilaren 28an, 18.00etan Coliseo Antzokian. Sarrerak 3 euro, takilan bertan edota www.kutxa.net-en.
Dokumentuaren akzioak