Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Iturriaga laukotea Coliseoan

2007/05/02
Aitzol eta Iokine neba-arreba eibartarrek (bibolinjoleak), Miguel Angel Lucasek (biola-jolea) eta Rebeka Riedelek (biolontxeloa) osatzen dute munduan zehar hain ospetsu den "Iturriaga Laukotea". Coliseoan izango da maiatzaren 6an, igandean, iluntzeko 19:30ean.

Iturriaga laukotea, Aitzol eta Iokine Iturriagagoitia biolinek, Miguel Angel Lucas biolak eta Rebeka Riedel biolontxeloak osatzen dute. Iturriagagoitiarrek, "Reina Sofia" Goi mailako musika eskolan ikasten ibili ondoren Alemaniara jo zuten.


(Argazkia: Martin Klidworth)


Leipzig-en (Alemania) 1996an sortu zen Iturriaga Laukotea eta bere egoitza hiri horretan dauka. Bere garapen musikalean eragin handia izan du Hatto Beyerle maisuak, Alban Berg laukotearen sortzaileak, eta European Chamber Music Academy-an parte hartzea, non Europako kamera-musikaririk entzutetsuenak ezagutu dituzten, besteak beste Norbert Brainin, Peter Cropper, Johannes Meissl eta Chrisoph Richter.

Europa osoan eman dituzte kontzertuak: Madrilgo Erret Jauregian, musikari gazteen alde 2006ko apirilaren 5ean bertako Stradivarius bildumarekin emandakoa, Bilboko Guggenheim Museoan, Berlineko Kontzerthaus-en edo Bruselako Beaux-Arts-en.

Parte hartu duten jaialdietan, berriz, aipatzekoak dira MDR-Musiksommer, Rheingau-Festival, Donostiako Musikaldiaren 2005eko hasiera beraiek eman izana eta Kuhmo-ko (Finlandia) Kamara Musika Jaialdia. Europatik kanpo Ekialde Urrunean entzun zaie, Isang Yun elkartearekin egindako elkarlanari esker eta 2006ko amaieran, berriz, Hego Amerikan izan ziren, Goethe Institutuak Alemaniako kultura hedatzeko gonbidapenari erantzunez.

Bere ibilbidean zehar Heinz Hollinger, Rodolfo Mederos eta Martin Spangenberg moduko musikariekin proiektu handietan kolaboratu dute, hala nola Ensemble Modern delakoarekin; gainera, urte batzutik hona MDR, BR edo SWR moduko irrati alemaniarrekin grabatzen dute.

Iturriaga laukoteak European roadcasting Union-eko lehiaketan lehenengo saria eskuratu du eta Deutschen Musikrat-eko artisten zerrendan onartu dute. 2004an bere lehenengo diskoa aurkeztu zuen, Horizonte.

Lehenengo aldiz joko dute Eibarren, Iturriagagoitiarren jaioterrian, datorren domekan, maiatzak 6, Coliseoan.

Coliseoan eskainiko duten emanaldia

  • Juan Crisóstomo de Arriagaren Cuarteto de cuerda n3 en Mi bemol mayor
  • Joaquin Turinaren Oración del torero
  • Johannes Brahmsen Cuarteto en la menor op.51 n2



J. C. Arriaga


Dokumentuaren akzioak