Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

NORTON KLUB talde eibartarra Coliseoan

2007/05/21
Norton Klub, 2007ko maiatzaren 25ean izango dugu Coliseoan, gaueko 10etan. Taldea, Mikel eta Aintzira Gorosabel Garai neba-arreba eibartarrek, Mikel Irisarri Guillermo eibartarrak eta Sergio Rodriguez bilbotarrak osatzen dute.

Mikel Gorosabel Garai "Norton"

Mikel Gorosabel Garai "Norton"

Musikari, konpositore eta abeslari eibartarrak txikitatik du musika zaletasuna; Solfeoa ikasten 7 urterekin hasi zen, pianoa ere ikasi zuen; Esteban Elizondo maixu handiarekin ikasi zuen Organoa joten. JAZZa Sorkunde Idigoras-ekin; Madrilen eta Bartzelonan ere ibili da musika ordenagailuz egiten ikasteko. Ezinezkoa zaio Mikeli musikarik gabe bizitzea.


  • 1989an E.H.SUKARRA taldea sortu zuen Facundo Amador bateriajolearekin eta Cesar Tejadarekin (baxua eta korua).
  • 1990eko uztailean, lehendabiziko kontzertua eskaini zuten Soraluzeko Gaztetxean.
  • 1991n Euskadi Gaztea sarien lehen edizioa irabazi zuten.
  • 1992ko apirilean, "E.H.Sukarra" diskoa kaleratu zuten Esan Ozenki zigilupean.
  • E.H.Sukarra taldeak aurrera egin eta zuzeneko kontzertuak ematen segitu zuen. "Garaien Laberintoan" diskoan, Asier Serrano idazle gaztea, letragile bezala laguntzen hasten da.



Harreman sendo honen ondorioz, 1996an Asierrek eta Nortonek, Lorelei taldea sortu zuten. 2000.ean, Loreleik, bere ibilbideari utzi zion.

"Barne records" bere disketxe propioa sortu zuen. Norton Klub-a sortu zuen 2005ean, "Kale artean" eta "Klub-a" diskoak kaleratu ditu Barne records zigiluarekin.

DISKOGRAFIA: EH SUKARRA taldearekin: E.H.Sukarra (1991). Irtenbide bakarra (1993). Garaien Laberintoan (1995). Ura Sutan (1996), Sua Urtzean (1999) Galtzailearen egunak (2002). LORELEI taldearekin: Bada hiri gorri bat (1997). Tatuatu zenidan zerua (1999). NORTON KLUB-ekin: Kale artean (2005) Klub-a (2006). Taldearen webgunean, www.nortonklub.com, kantuak doan atera daitezke.

Aintzira Gorosabel Garai ( 1976, Eibar)

Magisteritza musika espezialitatean ikasitakoa dugu Aintzira, baina Gorosabel-Garaitar guztiak bezala musika txiki-txikitatik hasi zen ikasten: Solfeoa eta Korala ditu; pianoa ere ikasi zuen 4. mailara arte. Aintzirak jotzen dakizkien instrumentuak hauexek dira: pianoa, saxoa, tanborra, guitarra, txirula,... TUBABU perkusio taldean ere ibili zen kontzertuak ematen 1998/2001 bitartean.

Gaur egun ere KADUN KARAMA taldearekin dabil. KOKEIN Eibarko taldean ere ibili zen sasoi batean gitarra jotzen (2003). Azkenik, Mikel bere anaiarekin batera dabil Norton Klub-en.


Mikel Irisarri Guillermo (Eibar, 1971)

LORELEI taldearen baxua, BADA HIRI GORRI BAT diskan hartu zuen parte. Gaur egun Norton Klub-eko baxua da.


Sergio Rodriguez "Ritxi" (Bilbotarra)

RADIKAL BLUES talde bilbotarraren bateriajolea eta hitzen nahiz soinuen egileetako bat. CHOCOLATE SEXY-ko bateriajolea izan zen, HORTZ MUGA antzerki taldean musikari. Gaur egun Norton Klub-eko bateria.


Norton Klub-en disketako letra-zati batzuk

Ilargiari so

Plastikozko logela hotzak
Neguko elurte latzak
Azalean tatuaturik bizitza
Betirako zigorra bailitzan

Berripaper zimurtuen beroan
Joana ez den denbora gogoan
Goseti den txakurra altzoan
Su alboan

Ilargiari so (bis)
Egiten diot
Gauaren jainko bakar
Itzalaren argi
Izarren izara zara
Nire bakardade
Goibelen babestoki

Kanta gara

Akordetan
Zabaltzen dira
Kantuen maindireak
Notetan bustitzen
Sekula zapaldu
Ez diren aintzirak

Lur-eremu
Birjinen lorak
Begien isladetan
Musikaz blaitzen zaizkidanetan

Pentagrama
Hilezkor baten
Bizipoz oihartzuna
Dantzaren erriman
Gauero ezberdina
Zaigun uhina

Melodiaz
Kutsatzen diren
Lagunen arimak
Sendatuz saminak
Izerdi goxoaz bat
Sortzen lurrinak


Dokumentuaren akzioak