Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ohitura zaharrak Eibarren: San Juan sorba eta lizarrezko gurutzeak

2007/06/21
Eibarko baserrietan oraindik mantentzen da San Juan sorba egiteko ohitura eta lizar adarrekin egindako gurutzeak ateetan eta soroetan jartzekoa.

San Juan sorba

Tradizio zaharrak dio ‘sorba’ San Juan egunez bedeinkatu eta trumoiak jotzen zuenean erretzen ziren belar batzuekin egindako txorta zela, kandela bedeinkatua piztu eta sorba erre egiten zela "Santa Barbara, Santa Kruz, jauna balio jakiguz..." esanda; txorta hartatik sobratzen zena San Juan bezperan erretzen zen. Horren inguruan oso interesgarria da Juanita Loiola zenaren testigantza (Eibartarren ahotan, egoibarra.com gunearen barruan). Beraz, ematen du "sorba" berba hori "sobra" horretatik datorkigula.

Sorban, sasoi batean, erdian, oloa edo garia jartzen zen, gero, haren bueltan edo inguruan baina beheraxeago porruak, berakatzak, kipulak; ondoren, belar onak eta txarrak –berbena belarra, anis-belarra, mieloa, menda-belarra, batana, sorgin-belarra...-, baita abarren bat edo beste ere -kindda-abartxoren bat, erramua, flota...

Gaur egun ez da asko aldatu sorba: ortuariak, belarrak, erromeroa, larrosak eta San Juan lorea edo beste lora-mota batzuk sartzen dituzte baserritarrek. Bakoitzak aukeratzen du zein den sorbarako belarra edo landarea. Hala ere, txorta dotorea izaten da beti, biribilean egindakoa.

Antzina, San Juan egunean Arratera joaten ziren baserritarrak sorba bedeinkatzera, gero, Ospitaleko kaperara edo elizatxora joaten ziren; gaur egun –guk dakigula- Azitaingo elizan bakarrik bedeinkatzen dira. Hala ere, elizara joan barik ere, badago, San Juan bezperan, gauez, sorba kanpoan utzi eta ilargi amandreari begira jarrita, ihintzarekin bedeinkatzen duenik ere.

Orain, San Juan sorba bedeinkatu ondoren, etxean sikatzen laga da eta hurrengo urteko San Juan bezperan, sua piztu eta sutara botatzen da hauxe esanda:

San Juan, San Juan
Arrautza bi kolkuan
Beste bi altzuan
Lapurrak eta sorgiñak erre, erre! 
Garixak eta artuak gorde, gorde!

Beste ohitura zahar bat ere mantentzen da oraindik Eibarko baserrietan: San Juan egunean, goizean goiz, lizarrez egindako gurutzeak jartzen dira baserriko ate nagusiaren alboetan, lizar orriak bistan dituztela. Soroetan ere jartzen dira gurutzeak, baina ohitura hori, zoritxarrez, galtzeko zorian dago.

 
Sanjuan sorba egiteko erabiltzen diren belar eta landareetako batzuk: batana, intsusa, garia, porruak...

 

San Juan soinua

San Juan doinua oso zabalduta dago Euskal Herri osoan. Iztuetak berak ere eman zuen zortziko honen berri. Hala ere, letraren egiletza zehatzik ez dugu.

Egun zoragarri hau heldu da berriz.
Pozan pozez bihotzak beterik. 

Mendietako baserrietan
kaleko plaza danetan
San Juan suak piztutzen dira
Gau zoragarri honetan.

Hau da eguna zoragarria
kontsolatzeko mundu guztia.

Ez da iñun gizonik
San Juan dan baizen
Oso goitar ta haundirik
Arkitzen.

Hau da eguna zoragarria
kontsolatzeko mundu guztia

Amagandik iñoiz jaio da gizona
ez dago zeruan halakorik.

Ama sengeagandik
zu jaio ziñan
mirariz beterik donian.

Poztu gizonak, abestu herriak
San Juanen egun miragarrian.

Igaz ere San Juan zan, eta
aurten ere San Juan Bautista.

Mendietako baserrietan....

 

Dokumentuaren akzioak