Euskadiko Gazte Orkresta Coliseoan, uztailaren 19an
Iñaki Orbegozo Astiz. Eibar (1985-04-16)
Herriko "Juan Bautista Gisasola" Musika Eskolan hasi zen tronpa eta perkusioa ikasten. Gaur egun Txistulari Bandaren perkusionista da. 1999an Eibarko Banda Musikan sartu zen. 2005eko ekainean Francisco Escudero Musika Kontserbatorioaren sarrera-azterketa gainditu eta urte hartako irailean hasi zen han tronpa ikasketak sakontzen eta lana sendo egiten.
2006ko martxoan Kontserbatorioen Orkestra Sinfonikoan sartu zen, Euskadin dauden hiru Kontserbatorio nagusietako ikasleen artean egiten den azterketa batean epai-mahaiak aukeratu ondoren. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarena dugu Orkestra hori eta Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere sarritan ibiltzen da (Madril, Baiona, Bilbo...)
Donostiako Kontserbatorioko orkestraren eta bandaren kide; Mikel Bikondoa Donostiako akordeoi orkestrako partaide ere badugu Orbegozo eibartarra.
2007ko apirilean, Gasteizen, EGOn sartzeko azterketak egin eta hainbat eta hainbat gazteren artean, Ocón maisuak zuzentzen duen Orkestrako ordezko tronpa-jole aukeratu zuten.
Eibarren, Ocon maisuaren zuzendaritzapean, EGOk eskainiko duen programa:
- Piotr Ilyich Tchaikovsky (Votkinsk, 1840--San Petersburgo, 1893) Sinfonia Patetikoa edo Seigarren Sinfonia, hil zen urtean bertan egin zuena..
- Ludwig van Beethoven (Bonn, 1770-Viena, 1827). Lehenengo Sinfonia (Op.21). Bederatzi sinfonia egin zituen eta hau 30 urterekin egin zuen aurreneko Sinfonia dugu. Adituek diotenez, hasiera berezia du.
- Jesus Guridi Bidaola (Gasteiz, 1886- Madril, 1961). Amorosa (Diez Melodias Vascas lanekoa). Euskal Herriak izan duen konpositorerik gorenetakoa. 1941ean egin zuen Diez Melodias Vascas orkestrarakoa.
Euskadiko Gazte Orkestra zer den:
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) 1997. urtean eratu eta sustatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Herri honetako musika-tresna jole gazteei orkestra-mailako prestakuntza eskaintzeko xedearekin sortu zen orkestra. Helburu horrekin Eusko Jaurlaritzak eta BBK, KUTXA eta VITAL KUTXA finantza-erakundeetako Gizarte-ekintzek fundazioa sortu zuten; Eusko Jaurlaritza Fundatzaile da eta hiru kutxak, berriz, Babesle Atxikiak.
Euskal Herrian jaio edo bizi diren gazteek osatzen dute orkestra, nagusiki. EGOk urteko bi sasoitan metatzen du bere lana, udako eta neguko oporraldietan, hain zuzen. Euskal geografiako hainbat lekutan egiten du lan hori. Epe horietan EGOko kideek nazioarteko ospea duten irakasleekin lan egiteko aukera izaten dute, eta orkestra-mailan eta ganbera-musikan trebatzen dira. Lan-epe horien amaieran EGOk kontzertu-sorta antolatzen du, irakasle gonbidatuekin eta egungo Zuzendari artistikoa den Juan Jose Oconekin egindako lana erakusteko.
EGO 1997ko abuztuaren 3an aritu zen jendaurrean lehenengoz. Vitoria-Gasteizko Principal Antzokian eskainitako emanaldi hura Juan Jose Menak gidatu zuen, orkestrak izan duen lehen Zuzendari titular eta artistikoak, alegia. Ondoren, kritikari espezializatuek goretsitako kontzertu-sorta arrakastatsua esquían zuen Euskal Herrian zehar. 1998. urtean, Juan Jose Mena zuzendari zela, orkestra Segovian aritu zen (Segoviako Uda Musikalaren barruan, Gazteen Musika Klasikoko Jaialdiaren inaugurazioan). EXPO´98 ekitaldia zela-eta Lisboako Culturgest aretoan ere emanaldia esquían zuen.1999. urtean, Enrique Ugarteren zuzendaritzapean, EGOk udako hainbat jaialditan hartu zuen parte, Deban eta Zarautzen, esaterako, eta Donostiako Musika Hamabostaldiaren inaugurazio-kontzertuan ere bai. Jaialdi berean Mikel Laboarekin eta Donostiako Orfeoiarekin batera kontzertua eskaini zuen. Bertan grabatu zuten Gernika Zuzenean 2 diskoa (Elkar). 2000. urtean EGO Segoviara itzuli zen (Segoviako Uda Musikalaren barruan Gazteen Musika Klasikoko Jaialdiaren itxierara). Era berean, ohiko kontzertu-bira egin zuen Euskal Herrian zehar, oraingoan egungo EGOren Zuzendari titular eta artistikoa den Juan Jose Oconen zuzendaritzapean. 2001. urtean EGOk, Donostiako Orfeoiarekin batera, Tomas Garbizuren Joan XXIII.ari Meza aurkeztu zuen Musika Hamabostaldian. 2003. urtean Charles Chaplinen The Kid filmari musika jarri zion zuzeneko emanaldian. 2004. urtean EGOk Carlos Etxeberriaren Antso Handia Errazu kantata aurkeztu zuen eta Txinako Errepublikako hiri nagusietan zehar kontzertu-bira egin zuen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta EGOren sorreran parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiak hasierako helburuak betetzen ari direlakoan daude: orkestra-prestakuntza egokia ahalbideratzea, musikari gazteon garapen artistikoa eta pertsonala sustatzeko egitura sendoa sortzea eta mundu profesionalera igarotzeko maila artistiko handiko zubia izatea.
Dokumentuaren akzioak