Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Musika Eskola Portalean: 18an inaugurazioa.

2007/09/14
"Juan Bautista Gisasola" Eibarko Musika Eskolak bere lokal berriak inauguratuko ditu irailaren 18an, goizeko 11etan. Musika Eskola berriaren gelek herriko musikarien edo musika taldeen izenak daramatzate.

Musika eskolako gelek ondorengo musikari eibartarren izenak izango dituzte: Jose Ramon Orozko, Sostoatarrak, Juan Etxaniz, Sarasuatarrak (Ramon eta Sarasua), Zuluagatarrak (Agustin eta Jacinto), Felix Aranzabal, Don Poli, La Marcial banda, Juan Larrinaga, Leon Laspiur eta Orfeón Eibarres.

Jose Ramon Orozko Arrillaga (Eibar, 1921)

Eibarrek izan duen tenorerik handiena. Bilbon, 1951ean, Kantari Berrien Lehiaketan parte hartu eta lehen saria eskuratu zuen, baita Baionan 1952an egindakoan ere.Agirregabiria, Polverosi eta Tulio Serafini maisuekin ikasitakoa. Milanen Rivolirekin ikasi zuen. Italian urte askoan jardun zuen hainbat lekutan kantatzen eta Verdiren “Il Trovattore” zuen gustuko opera. 1960az geroztik opera utzi eta zarzuelari ekin zio; Donostiako Easo koruan eta Eibarko hainbat korutan ere kantatutakoa dugu (San Andres parrokiakoan, Karmelitetakoan...).

Sostoatarrak: Andres Sostoa Zuluaga (Eibar, 1745), Manuel Sostoa Zuluaga (1749).

Andres Sostoa eta Manuel Sostoa anaiak fraideak ziren. Biak izan ziren ezagunak eta ospe handiko konpositoreak erlijio kantuetan eta polifoniakoetan; Aita Donostiak asko goraipatzen zuen Manuel Sostoaren lana eta bere liburu batean atera zituen Sostoaren konposizio bi, bata “Allegro” eta bestea “Sonata para clave u órgano”. Arantzazuko artxiboan daude gordeta euren konposizioak.

Juan Etxaniz Urruzuno (Elgoibar, 1912; Eibar 2003)

Elgoibarren jaio zen baina 1943az geroztik Eibarren bizi izan zen. Luis Yuste irakaslearekin eta Garatekin ikasitakoa, bibolinjole aparta zen. Hainbat pieza egokitu zituen biolinerako: Pucciniren “Madame Buterfly”, Sibeliusen “Vals triste”, Sorozabalen “La del manojo de Rosas”. Horretaz gain hainbat kontzertu eta emanaldi eskaini izan zituen.

Sarasuatarrak: Antonio Sarasua Gisasola (Eibar, 1912-Zarautz 2002); Ramon Sarasua Gisasola (Eibar, 1917-1999)

Antonio Sarasuak Felisa Iturrioz irakaslearekin ikasi zuen pianoa joten eta Juan Bautista Gisasola osabarekin osatu zituen bere musika-ikasketak, 1932. urtetik aurrera “Orfeón Eibarres”aren koordinatzaile eta antolatzaile izan zen. “Eibartarrak” koruaren eta San Andres Parrokiakoaren zuzendari urte askoan; baita Coral Eibarresa-rena ere.


Ramon Sarasua San Andres parrokiako koruaren zuzendaria izan zen hainbat urtez. Bere anaiak bezala, Felisa Iturriozekin jardun zuen musika ikasten. Obra hauen egilea da: 1940ko “Ave Maria” (organurako), “Nere Maitea” zortzikoa 1949koa, “Primavera” balsa, herrian hain ezaguna dugun “Aurtxo Kanta” (1972) eta “Ipuiña” 1988an egindakoa.

Felix Aranzabal Aranzabal (Bergara, 1919; Eibar, 2006 )

Soinujole handi hori, 1930ean, hamaika urte zituela, ehizan istripu bat izan eta itsututa geratu zen. 1931n, Bilbon, braille sistemaz solfeo eta piano ikasketak egitera joan zen. 1951eko abenduan etorri zen Eibarrera eta klaseak ematen hasi zen. Francisco Escuderorekin harmonia ikasi zuen. Leku askotan jo zuen esku soinua Angiozarko itsuak.

"Don Poli", Polikarpo Larrañaga Aranguren (Soraluze, 1883; Baiona 1955)

Polikarpo Larrañaga 1911. urtean etorri zen Soraluzetik Eibarrera, abade; lan handia egin zuen herri mailan. “Euzko Nekazarien Bazkuna”ren eta “Eusko Tostarteko Bazkuna”ren sortzaile, liburu-idazle (Euzkadi social, Emakume, Estadísticas de Euzkadi…). Piano-jole eta organujole ona, 1921ean “Mendiko eguna” zarzuela idatzi zuen eta “Euskal Esnalea”ren lehen saria jaso. “Ametz larria” opera 1923an idatzi zuen eta urte hartan bertan taularatu zen Eibarren. Arrateko amari eskainitako ereserkia berea da. Azpimarratzekoa da herri-kantak batzen egin zuen lana.

La Marcial musika banda (1884)

1884. urtean sortu zen “La Marcial” musika banda 25 kidekin osatuta. Ildefonso Irustak zuzentzen zuen eta 1902. urtean, Donostian egindako txapelketa batean, sari onenak eskuratu zituen. Ez zen udalarena, udalarekin kontratu bat zuen eta kontratu horren arabera, urtearen egun jakin batzuetan jotzen zuen. 1907an 44 kide zituen. Udal Banda bilakatu zen 1915ean.

Juan Larrinaga San Esteban (Bermeo, 1910; Eibar, 1983)

Bermeon jaiotakoa, lanbidez arotza zen Juan Larrinaga txistularia; musika euren aitarekin ikasi zuten Juan, Iñaki eta Policarpo anaiek. Juanek, Gregorio Santa Kruz dantza-maisu eibartarrekin tratu handia zuen eta han-hemenka ibiltzen ziren biak lanean. 1957an etorri zen Eibarrera bizitzera. Euskal Herri osoan zehar ibili zen Larrinaga txistulari handia eta Eibarko Udal Txistulari Bandako zuzendaria izan zen urte askoan. 1975ean, Arraten, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen omena jaso zuen.

Leon Laspiur Larrañaga (Bergara 1897, Eibar 1980)

Txistulari onenetakoa. Udal txistularia izan zen lehiaketa gogor bat gainditu eta puntuazio onena atera ondoren. Gerratean kanpora joan zen eta 1938. urtean bueltatu zen baina ez zioten utzi postu hartan segitzen. Soraluzeko kanoi-fabrikan jardun duen beharrean. “Txistulari” aldizkarian berak sortutako hainbat pieza kaleratu izan dira.

Orfeón Eibarres

"Orfeón Eibarres"a 1901ean eratu zen; hasierako talde hartan 70 kide zeuden. Lehenengo zuzendaria Crispulo Gisasola izan zen. Beste orfeoi bat ere bazegoen herrian, “Orfeón Vasco-Fuerista”, Juan Bautista Gisasolak zuzendu eta lau urtez iraun zuena. Orfeoiko zuzendaria, Crispulo Guisasola, 1912an hil zenean Orfeoia desagertu egin zen. 1932an, Eulogio Garateren ekimenez, Juan Bautista Gisasola musikagilearen zuzendaritzapean, berriro eratu zen. Javier Vidarte tiplea zen ahots ezagunenetakoa. 1942. urtean, “Grupo coral Eibartarrak” taldea osatu zen, gerra amaitu ondoren lehengo Orfeoi hartatik geratzen ziren kantariek eratutakoa, beti ere, Gisasolaren zuzendaritzapean.

Zuluagatarrak: Agustin Zuluaga Aldekoa (Durango, 1899; Eibar, 1934) – Jacinto Zuluaga Vazquez (Durango, 1914; Eibar 1988).

Gazte zela etorri zen Eibarrera. Musika Bandaren zuzendaria, Musika Akademiaren zuzendari eta “Orquesta Bretón”en zuzendaria. “Cielito” pieza ezagunaren egilea baina baita beste konposizio askoren egilea ere: “Los alegres alpinistas” (Klub Deportiboari eskainitakoa), “Bolingo”, “Alma Gaucha”, “Mortus est”. Oso gazte hil zen, 35 urterekin, Eibarrek izan duen musika banda zuzendarik ospetsuenetakoa.

Jacinto Zuluagak, Agustinen anaiak, Eibarko Bandaren zuzendaritza eskuratu zuen gerra ostean, 1942ko ekainaren 29an. Jose Maria Franco maisurekin jardun zuen ikasten Banda zuzendaritzan aritzeko. 1949an, zuzendariarekin ez zeudela ados-eta, Bandak zatiketa latza izan zuen (19 musikok Banda utzi eta “La Lira” sortu zuten Juan Ugalderen zuzendaritzapean; 1959ra arte jardun zuten) Jacinto Zuluagak 1988. urtera arte zuzendu zuen Banda, Lucio Bengoa zuzendari-ordearen laguntzarekin.

Dokumentuaren akzioak