Aitzol Loiolaren ikerketak irabazi du 2007ko "San Martin Beka"
Aitzol Loyola Idiakez, Soziologian doktorea, tesiaren izenburua: "Euskal Herriko gazte mugimendua. 1990-2000", (EHU-UPV, 2006ko martxoan). Irakaslea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Soziologia Departamenduan.
Aitor Loiola Idiakezek Eibarko gazteriak herria definitzen sortzen dituen praxi ezberdinak aztertu nahi ditu bere lanean, gazteriaren ezaugarri nagusiak zehaztuta eta horiek uztartzen dituen kulturaren interpretazio hermeneutikoa garatuta. Hona hemen bere lanaren aurkezpena:
Historikoki Eibar oso herri aberatsa izan da gizarte mugimendu esperientziatan, batik bat langile mugimenduak eta herritar elkarteek izan duten antolamendu era eraginagatik. Dena den, azken urteotan eraldaketa handia ezagutu du herriaren izaerak eta, modu berean, bertako bizimodu eta giza harremanek. Errealitate historiko hau kontuan izanik, egungo egoera ezagutzeko ikerketa zientifiko bat proposatzen dugu, ikerketa esparru eta metodologia berritzailea duena.
Proposamena ondokoa da: Eibarko gazteriak herria definitzen sortzen dituen praxi ezberdinak aztertzea, beren ezaugarri nagusiak zehaztuz eta horiek uztartzen dituen kulturaren interpretazio hermeneutikoa garatuz.
Gaiari buruzko hainbat zehaztapen. Lehenik eta behin, ikerketa ezberdinek agerian utzi dute euskal gazteriak duen ezaugarri nagusiena aniztasuna dela (ikus Javier Elzo eta Maria Silvestreren lanak, besteak beste). Gazteen artean bizitza ulertzeko eta bizitzeko modu desberdinak daude: euskararen ezagutza eta erabilpenean, iritzi politikoetan, droga kontsumoan, sinesmen erlijiosoetan, immigrazioarekiko jarreran Eta Eibarko gazteria ez da salbuespena.
Bada, baina, apenas ikertu den gazte sektore bat, R.K. Merton soziologoak "errebelde" gisa definitzen duena. Bitarteko instituzionalak onartzen ez dituena, eta erritualismo eta uzkurtasun joerak garatu beharrean, egunerokotasunean dituzten beharren aurrean alternatiba propioak sortzen dituztenak. Hau da, proposamen propioak dituzten gazteak herriaren eraikuntza-eraldakuntzan (musikagintzan, hirigintzan, komunikazioan). Euskal Herria osoan ezaguna da, besteak beste, Eibarko gazteek erakutsi duten sorkuntza musikala, talde ezagun ezberdinak sortuz.
Hots, gure proposamena gazteriaren sektore konkretu hau aztertzeko ikerketa sozio-antropologiakoa burutzea da, metodologia berritzaileak erabiliz, zientifikoki aztertu ez den gai bati buruzko ezagupena sortzeko.
Dokumentuaren akzioak