Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014ko apirila: hileko kultura ekitaldien artean "Las maestras de la República" dokumentala.

2014/04/03
Apirilean ekitaldi ugari ditugu herrian, besteak beste "Las maestras de la República" dokumental azpimarragarria

Carmen Peña maistra Jardiñetako eskolan, umeekin 1933. urtean. Argazkia laga duena: Pristila Valderrama.

Eibarko Artisten Elkartearen erakusketa, Antzerki Jardunaldien amaiera, Liburu Eguna, Eibar Kantuan, Euskal Herriko Itzulia...

Goya saria jaso duen "Las maestras de la República" dokumental interesgarria ikusteko aukera izango dugu apirilaren 14an, Coliseoan, iluntzeko 19:00etan. Dokumental hori sasoi hartan Eibarko maistrek egin zuten ahalegin handi haren isla ere bada, ikerlarien eta senideen testigantzetan oinarrituta, maistra baten egunero lana eta kemena islatzen baitu.

Eibarren sasoi hartako maistra-izen ahaztezin asko ditugu: Petra Chueca, Carmen Peña, Juliana Albizu, Elisa Lasa, Hildelisa Arrizabalaga, Paquita Abendibar, Lucia Ayerbe, Nati Azkarate... Errepublika garaikoak dira baita baserri-eskolak ere; Santa Kruz eskolan Maria Luisa Arrizabalaga izan zen maistra, Eugenia Zumarraga eta Jesusa Arregui Aginako eskolan jardun zuten, Margarita Murgizu Maltzagako eskolan ibili zen. Ofizioa bokazio huts bilakatu zuten maistrak ziren.

Hezkuntza izan zen Bigarren Errepublikaren gizarte-konpromisorik handienetakoa, handiena ez esatearren. Kultura eta irakaskuntza estatuko bazter ezkutuenetara eramatea zen helburua, justiziazko gizarte libreagoa eta berdinagoa egitearren. Errepublikako maistrak izan ziren proiektu hori garatzeko konpromiso sendoa hartu eta ausardia erakutsi zutenak.

Apirileko kultura-gida osoa, PDF formatuan webgune honetan bertan lor dezakezu.

Santa Kruz Eskola 1934. urtean. Indalezio Ojangurenen argazkia, Gure Gipuzkoa sailekoa

Dokumentuaren akzioak