2014ko martxoa: kultura ekitaldiak Eibarren
Martxoan datozkigu Eibarko Antzerki Jardunaldiak bete-betean, martxoaren 8ko ekitaldiak, “Grafikak” erakusketa, UEUren udaberriko hitzaldiak, Ikasten-en hitzaldi-sorta, lore azoka, Toribio Etxebarria sarietara aurkezteko epearen irekiera... Azpimarratzekoak dira “Gertatu”ren eskutik datozen ikastaroak (Arduino, geolokalizazioa...)
Oraingoan, “Gertatu”ren eskutik datozen ikastaroak hartuko ditugu ardatz gisa, izan ere, ikastaro interesgarri hauetarako izenak martxoan eman behar baitira.
Lehenengoa “Arduino” ikastaroa dugu, hardware libreko plataforma bat, mikrokontrolagailu bat duen plaka baten oinarritzen dena eta garatzeko ingurunea duena, proiektu muldisziplinarretan eta egunerokotasunari begirakoetan elektronikaren erabilera erraztekoa. Gaztelekuan eskainiko da martxoaren 29an eta izena emateko epea martxoaren 10etik 17ra bitartean izango da.
Hurrena, geolokalizazio aktiborako tailerra dugu. Euskaraz eskainiko da modu praktikoan eta gaur egungo teknologiek alor horretan eskaintzen dituzten aukera guztiak azalduko dira luze eta zabal apirilaren 1ean eta 3an, Portalean. Izena emateko epea, martxoaren 10etik 21era izango da.
Hirugarren proposamenak auzolan digitalera eta Wikipedia euskaraz editatzera garamatza, Eibar inguruko informazioa sareratzeko eta partekatzeko asmoz. Apirilaren 8an eta 10ean eskainiko da Portalean eta izen emateak martxoaren 10etik 21era bitartean izango dira.
Eta azkena, “Made in Eibar” lehiaketa dugu, industriaren zertarakoa erakutsi nahi duen lehiaketa, gazteei zuzendutakoa. Funtsean, hauxe da asmoa: bertako enpresek egiten dutena edo Eibarrekin erlazionatuta dauden produktuen garapena erakusteko, gazteek dokumentalak egitea, euskaraz.
Hala ere, dokumentala egin aurretik, ikastaro batzuk eskainiko zaizkie apirilean (zapatu guztietan) ondoko atal hauek erakusteko: dokumentalaren gidoia, gidoiaren bisualizazioa edo story board-ak, kameraren erabilpena, bideo-edizioa eta post-produkzioa. Izenak emateko epea martxoaren 17tik 28ra bitartekoa izango da. Lehiaketaren oinarriak martxoan zehar kaleratuko dira, eta tailerrak, goraxeago esan bezala, apirilean eskainiko dira.
Dokumentuaren akzioak