2014ko otsailaren 22an Kezka Dantza Taldea eta koko-dantzak etorriko dira Aratosteen ateak zabaltzera
Argazkia: Iñaki Zugasti
Beti bezala, goizeko 8.30etan Eibarko merkatu plazan egingo dute eguneko lehen agerraldia. Koko-eskea egun osoz izango da eta 50 lagun inguru izango dira bi taldetan banatuta eta 25 baserri inguru bisitatuko dituzte: Mandiola aldeko baserri batzuez gain, Urrintxo, Altzerreka, Zumaran, Mendibil, San Roman, Larrañeta, Iterixa, Abuaga azpiko eta gainekoak, Suinaga eta Suinagatxo, Gorostiaga, Arizpe, Atxekoa, Agarre, Orbesoraen, Agina gaineko eta azpikoa eta Arandotar bost baserriak.
Arratsaldean, 19.00etatik aurrera, Anbulategiko parkean bilduko dira eta ondoren Eibarko kaleetan ibiliko dira koko-dantzariak Elgoibarko Mauxitxa txarangak lagunduta. Eibarren ateratzen diren koko-dantzari eta koko-marruak herrikoak bertakoak dira, berezkoa dute eta bereziak dira, baina hala ere inauteriaren izpiritu tradizionalean eta europarrean oinarritukoak ditugu,bete-betean txertatzen dira testuinguru horretan. Hala gorpuztu ziren mamarruak, burburixuak, masustak, aixerixak, hartza, Petra eta Maria, Don Eusebio, Kattalin eta Manuela, Batista kojua, Arrateko Ama-Birjina, Martin Perratzailia, sasi-kartia… eta koko-dantzariak eta euren makil-jokoa.
Aurtengo koko-dantzen inguruko informazio gehiago Kezka Dantza Taldearen webgunean lor dezakezu. Gainera, eta otsailaren bukaerara arte, koko-dantzen eta kaldereroen inguruko argazki-erakusketa dago zabalik Eibarko Klub Deportiboan.
Dokumentuaren akzioak