“…euskaraz eta kitto!” bandoak 40 urte beteko ditu abenduaren 21ean, San Tomas egunean
Euskaraz eta kitto! (Eibarko Udalaren Bandoa, 1982).
1982ko abenduan, orduko Euskaltegiak edo Gau-eskola, herriko euskaltzaleek, gizarte-eragileek eta Eibarko Udalak osatutako batzorde misto batek euskararen aldeko sentsibilizazio-kanpaina zabal bat antolatu zuen, eta horren barruan argitaratu zen Bandoa. Kanpainaren helburu nagusia zen euskaldunak, euskal hiztunak, hizkuntza erabiltzera bultzatzea, eta euskararen erabilera soziala herriko arlo guztietan sustatzea: prentsan eta irratian, dendetan, tabernetan eta jatetxeetan, irakaskuntza-zentroetan, tailerretan, sozietateetan eta elkarteetan.
Horretarako, sektore bakoitzerako propio eratutako lan-taldeak egin ziren arlo bakoitzari zuzendutako hainbat hizkuntza-proiektu jorratu eta garatzeko, betiere helburu nagusi batekin: hizkuntza ikusaraztea eta kalera “ateratzea”; azken batean, jendea euskararen existentziaz kontzientziatzea. Hilabete hartan egin ziren beste jarduera askoren artean, Eibarko eskoletan euskarazko 1200 liburu eta ipuin banatu ziren Diputazioak emandakoak, 11.000 itsasgarri jarri ziren euskarazko makinen izenekin tailerretan…
Horrez gain, abenduan, hizkuntzaren eta kulturaren arteko lotura azpimarratu nahian, Jon Mirande idazlea omendu zen, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Txomin Peillen, Bernardo Atxaga, Alfontso Irigoien, Kazenave, San Martin, Krutwig eta Kintana euskal idazleek hiru mahai-ingurutan, non idazlearen nortasuna, haren ideologia —jarrera filonazia, euskal autoreek biziki gaitzetsia— eta literatura-ibilbide oparo bezain berritzailea aztertu baitziren.
Joan den mendeko 80ko hamarkadaren hasierako testuinguru hartan kokatu behar da Mikel Larrañaga alkatearen “... euskaraz eta kitto!” bandoa, 1982ko abenduaren 21ean argitaratu eta euskaldunak euskara erabiltzera behartu nahi zituena, ikasten ari zirenek ikasgeletatik kanpo praktikatzeko aukera izan zezaten. Inpaktua lortu nahi zen mezua hedatzeko eta, horretarako, Udalak Bilboko Paradox enpresa sortu berriari diseinu deigarri eta berezi bat egitea eskatu zion, irakurri ahala gero eta ozenagoa izan nahi zuen deiadarra irudikatuz.
Ideia hori zabaltzearren bidali zen Euskadiko udalerri gehienetara agiria, eta oihartzun handia izan zuen gizartean eta komunikabideetan. Bandoaren mezuak eta diseinuak jende gehienaren harrera ona jaso zuen eta Eibarko Alkatetzara hainbat zorion-telegrama iritsi ziren, beste askoren artean Donostiako alkatea izan zen Ramon Labayen Sansinenearena, “euskarari buruzko Bandoa dela eta, har itzazu nire zorionik beroenak” zioena.
Hona hemen orduko alkate Mikel Larrañaga garai hartan gertatutakoa azaltzen, Eibartarren Ahotan proiektuan jasotako lekukotasunean.
Dokumentuaren akzioak