Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Izarren Argia", Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko pelikula, urriaren 22an Eibarko Coliseoan

2010/10/20
Saturrarango kartzelari buruzko pelikula, ostiralean -hilak 22- estreinatuko da Eibarren, Coliseoan. Pilar Calvo Arnaiz da espetxe hartan egon zirenetatik bizirik geratzen den eibartar bakarra.

Pilar Calvo

Saturrarango emakumeen kartzela:  Pilar Calvo eibartarraren historia latza beste guztienaren isla.  

Saturrarango emakumeen kartzelaren historia latza ederto asko konta zezakeen bizirik geratzen den Eibarko lekuko bakarrak, Pilar Calvo Arnaiz herritarrak, bere 95 urterekin osasunak lagunduko balio. Pilar, Talavera de la Reinan jaio zen 1916ko uztailaren 11n, Jose Rocarekin ezkondu eta alaba bat izan zuten. Santa Laya bere herrian, Josek, alderdi komunistaren taldea sortu zuen. 

Gerratean, auzoko batek salatu  zituen eta senar-emazteak kartzelara eraman zituzten. 1939ko ekainaren 29an Gerra Kontseiluak zigorra ezarri zien: Pilar Calvori 30 urteko kartzela eta Joseri heriotza-zigorra. Gizona Ocañan hil zuten, baina fusilatu aurretik borreroek elizatik ezkontarazi nahi izan zituzten senar-emazteak. Pilarren ezetz borobila jaso zuten: zibiletik zeuden ezkonduta eta hala hilko zen bere gizona.

Pilar Toledoko kartzelara eraman zuten; handik, Madrilera, Durangoko komentura gero, Zornotzara ondoren; Barbastroko kartzela ere ezagutu zuen, eta azkenik, Saturraran. Gorriak ikusi zituen han: jatekoa urri, alaba bere familiarekin Talaveran lagata, familiaren kartarik ez... Hala ere, gazteak zirenez, kanturako eta dantzarako  tarteak ere bilatzen omen zituzten eta asko eskertzen zuten inguruko herrietako jendeak ematen zien laguntza. Sekula eskolara joan gabe,  irakurtzen eta idazten ikasi zuen.

Azkenik, zigorra kommutatu  eta  kartzelatik atera egin zuten; Ondarroako familia batek hartu zuen etxean. Kanpoan egonagatik ez zituen bere espetxe-kideak ahaztu eta ostegunero joaten zen kartzela barruan zeuden lagunendako jatekoak eramatera. Gero, handik denbora gutxi barru, Eibarrera etorri zen bizitzera, gernikar batekin ezkondu zen; seme bi eta alaba bat izan zituen. Senarra gazterik hil zitzaion eta bizimodua aurrera ateratzeko denetik egin zuen: apopiloak hartu etxean, pegorak garbitu, etxeak... 1960an hirugarren aldiz ezkondu zen.

Pilar, oroimena lausotzen doakiola, bere jaioterrira itzuli zen orain dela pare bat urte eta gaur egun han bizi da.

“Izarren argia” pelikulak geratzen zaigun herriko lekuko bakarrarenak bezalako bizipenak jasotzen ditu;  “negarrik ez, gogora gaitzazue” eskatzen duten ahotsak.

Pilar Calvo

 

Dokumentuaren akzioak