Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

“Lehen Mundu Gerra eta armagintza. Industria birmoldaketa” hitzaldia Ego Ibarraren Youtube kanalean

2025/06/02
Igor Goñi historialariak martxoaren 17an eta 24an eskaini zituen hitzaldiak Eibar BHIn.

Igor Goñi Ekonomian lizentziatua eta Geografia eta Historian doktorea da. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da Ekonomia eta Enpresa fakultatean. Igorren doktore tesia XIX. mendeko euskal armagintzaren ingurukoa da eta ikerketaren zati handi bat Eibarren oinarritu zuen.

Ikertzen hasi zenean, euskal armagintzaren inguruan ez zegoen gauza handirik idatzita, soilik 1970. urte inguruko liburu bat. Liburu horretan armen salmentaren grafiko bat ageri da, eta argi ikus daiteke nola Lehen Mundu Gerraren hasieran salmentek beherakada izan zuten, eta ondoren, gorakada handia. Baina, horren inguruko azalpenik ez zegoen, eta, hori da Igorrek bere hitzaldian argitu zuena.

Eibarren errebolberrak eta pistolak egiten ziren nagusiki, gainera, ezohiko sistema erabiltzen zuten horiek fabrikatzeko: hainbat tailer txikitan banatzen zen arma horiek egiteko erabiltzen ziren piezen fabrikazioa. Eskopeten fabrikazioan ohikoa zen hau, baina ez arma motzetan.

Eibarren egiten zirenak ez ziren gerrako armak, gerran, erabiltzen zirenak arma luzeak baitziren. Baina, Eibarko armen salmentek gorakada handia izan zuten, eta hori Lehen Mundu Gerraren ezaugarriei esker izan zen. Adibidez, lubakietan arma motzak erabiltzen hasi ziren, arma luzeekin mugitzea oso zaila zelako.

Adituak armen salmentaren grafiko berri bat aurkeztu zuen. Grafikoa egiteko erabili zituen datuak La Voz de Gipuzkoa egunkaritik atera zituela azaldu zuen. Dirudienez, Tomas Echalucek, Eibarko korrespontsala zenak, hilabetero-hilabetero, Eibarren saltzen ziren armen datuak argitaratzen zituen.

Azkenik, gerra osteko arazo eta krisiaren inguruan aritu zen irakaslea. Armen salmenta asko jaitsi zenez, enpresa asko eta asko haien jarduna aldatu eta beste produktu batzuk egiten hasi ziren, hala nola bizikletak, josteko makinak, motorrak, etxeko tresnak…

Orain hitzaldia Ego Ibarraren webguneko bideotekan eta Youtube kanalean dago eskuragarri.

 

Dokumentuaren akzioak