Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Andres Prietoren artxiboa Eibarko Udalean

2013/03/21
Frantziako erresistentzian ibili zen eibartar baten dokumentu guztiak Eibarko Udal Artxiboan: Andrés Prieto Arana eibartarraren Fondoa.

1945. II. Mundu Gerra. Akitaniako Medoc-eko frentean. Goian, ezkerretik eskumara: Ynchausti kapitaina, Martínez kapitaina eta Andrés Prieto tenientea (hirurak izan ziren Amuategi Bataloikoak). Behean, Saseta batoiloiko ANV-ko kide bat.

Interes historiko handiko dokumentazio hori  Frantziako erresistentziaren sasoikoa dugu,  Atzerriko Boluntarioen Batailoia eta "Gernika" Euskal Batailoia erakundeen antolaketari dagokiona. Andrés Prieto bera izan zen bere dokumentu gehienak Artxiboari eman zizkiona 2009. urtean. Haren familiak, handik hiru urtera, 2012an,  bigarren dokumentu-entrega bat egin zuen Andrés hil ondoren.  

Andrés Prieto Arana Eibarren jaio zen 1918. urtean. Oso gazte zela sartu zen "Juventudes Socialistas"en.  1934ko urriko iraultzaren ondorioz,atxilotu eta Iruñeko espetxera eraman zuten. Frente Popularrak hauteskundeak irabazi ondoren, Eibarko Epaitegiko administrazioko ofizial izendatu zuten. Gerran frentean ibili zen Irun, Tolosa, Lasarte eta beste hainbat lekutako operazio militarretan. Gernikako bonbardaketan bizirik atera ondoren, Francoren tropek harrapatu egin zuten barkuan ihes egitera zihoanean.  Pontevedra, Santoña eta Teruelgo kartzelak ezagutu zituen. 

1938. urtean, heriotza-zigorra ezarri zioten eta zigorra kommutatu ondoren, beste zazpi presorekin batera Frantziara ihes egitea lortu zuen. Erbestean zegoela, "Unión Nacional Española" erakundeko militantea izan zen eta Frantziako erresistentziaren alde egin zuen lan  "105 Brigada de guerrilleros españoles”  taldea sortuta. Gerratean, Pointe de Graveko borroka latz hartan hartu zuen parte, 1945eko apirilaren 14an aliatuek irabazi zuten borroka.

II. Mundu Gerra amaitu zenean Parisera joan zen eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan jardun zuen lanean euskal errefuxiatuen alde Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaola lehendakarientzat.  1979. urtean itzuli zen exiliotik Leizaola lehendakariarekin batera. Valentzian bizi zen; han hil zen 2010eko martxoaren 4an.

Eibartarren Ahotan proiektuaren baitan, hainbat elkarrizketa ere eman zituen eta online daude eskuragai.

 

Dokumentuaren akzioak