Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Asier Errasti" Laburmetraien IX. Jaialdia aste honetan.

2010/11/17
Hamar urte dira, Asier Errasti Muguruza, laburmetraien Eibarko lehiaketa honen sustatzaile nagusietako bat, zendu zela. Edizio honetan, 295 lan jaso dira eta 30 onenak aukeratu, aste honetan botatzen ari direnak.

Asier Errasti Muguruza Eibarren jaio zen 1972ko otsailaren 15ean. Bertako Institutuan COUa egin ondoren, Andoaingo Zine eta Bideo Eskolara joan zen bere zaletasun nagusia, zinemagintza, ikasi eta lantzera. Ikasketak amaitu ondoren familiako enpresan hasi zen lanean baina egin ahal zituen zine-ikastaro guztiak baztertzeke. 1995ean, José Luis Guerin zine-zuzendariak eskainitako zine-zuzendaritza ikastaroa egin zuen.

KTBn, herriko telebista katean, lehenagotik ere hasita zegoen lanean, baina 1996tik 1998ra bitartean huraxe izan zen bere lantokia; batik bat Kiroletan. 1998ko udan Inglaterrara joan zen inglesa ikastera eta han urtebete egin zuen. 1999ko uztailean, PAUSOKA produktorarekin kontratu bat sinatu zuen “El señorío de Larrea” seriearen errealizazioko laguntzailetzan jarduteko. 2000. urtean, “Barrebusa” programan  ibili zen errealizazio lanetan.

2000. urteko urrian, ETBrekin, “1999”,  bere laburmetraia botatzeko eskubide-lagapeneko kontratua sinatu zuen. Ordurako, Plano Corto taldeko kideekin batera, martxan jarriak zituen Eibarko Laburmetraien lehiaketaren aurreneko edizio biak; bera hil ondoren, Plano Corto-koek, lehiaketari Asierren izena ematea eta aurrera egitea erabaki zuten.

Ez zuen denborarik izan bere amets guztiak betetzeko, 2000ko azaroaren 2an bat batean zendu zen, 28 urte baino ez zituela.

Hona hemen 2010eko proiekzioen zerrenda (PDF).

Dokumentuaren akzioak