Aste honetan hasiko dira konpontzen herriko zortzi mugarri historiko, Soraluze, Bergara eta Elgetako udalerriekin batzen gaituztenak
Asurtzaiturriburua, Eibar, Elgeta eta Bergara batzen dituena.
Herriko mugarri historiko guztiak 2014an konpondu zituen Eibarko Udalak Klub Deportiboko mendi taldeko kideen laguntza paregabeari esker; hala ere, ordutik hona hainbat baso-lan egin da Eibar, Soraluze, Bergara eta Elgeta herriek muga egiten duten mendi inguruetan, eta mugarriak kaltetu egin dira; batzuk lekuz aldatu eta beste batzuk lurperatuta geratu dira. Horren aurrean, Ego Ibarra Batzordeak, herritar batzuek hala eskatuta, kaltetuta dauden mugarriak konpontzea proposatu zuen eta Alkatetzari eskatu zion herri horietako alkateei eta Foru Aldundiari adieraztea. Erakunde guztiek eman zuten baietza eta baita beren laguntza eskaini ere, interes historiko handia dutelako eta herri ororen oroimenaren elementu garrantzitsuenetariko bat delako.
Hauexek dira urriaren 4etik aurrera konpondu edo lehengoratuko diren mugarriak: Illordogaña 1 (41, Eibar-Soraluze) Illordogaña 3 (43, Eibar-Soraluze), Kiñarra (53 Eibar-Bergara), Sarroi (55, Eibar-Bergara), Sarroi 1 (56, Eibar-Bergara), Bergaretxelarrea (57, Eibar-Bergara), Bergaretxelarrea 1 (58, Eibar-Bergara), Azurtzaiturriburua (59, Eibar-Bergara-Elgeta).
Mugarriak dira herriak herri egiten dituzten elementuak, oroimen historikoaren seinalerik garrantzitsuenetarikoak eta albo-herriekin batzen eta, aldi berean, haietatik bereizten gaituztenak; Eibarren kasuan, goian esandakoez gain, Zaldibar, Ermua, Markina eta Elgoibar.
Dokumentuaren akzioak