Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Azpilikueta aita-semeen “Atzo goizeko ipuiñak”, Eibarren 675. urteurrena ospatzeko

2021/02/23
Gure historiaren parte diren pasadizoak eta istorioak modu umoretsu eta ludikoan ekarriko dituzte gogora.

"Atzo goizeko ipuinak", Jose Antonio eta Martin Azpilikueta

Urte amaiera arte, Jose Antonio Azpilikueta marrazkilariak eta haren seme Martinek biñeta bana egingo dute hilero Eibarko historiatik aukeratutako zenbait gertaera, pasadizo eta kontu hizpide hartuz, eta Ego Ibarraren webgunean jarriko dira ikusgai. Guztira 20 biñeta egingo dituzte, mende bakoitzeko bi, gutxi gorabehera, guztiak Eibarko euskaran.

Herriaren historiaren parte diren gertaerak gogora ekartzeko, zeintzuk egokiago eibartarren umorea hain ondo manejatzen duten marrazkilariak baino.

"Atzo goizeko ipuinak", Martin Azpilikueta

Gure historiaren pasarte horiek aukeratzeko, beste agiri batzuen artean, Javier Elorzaren Eibar: orígenes y evolución. Siglo XIV al XVI liburua, Nerea Aretaren Eibarko Efemeridiak. Kronika Historikua 1936rarte liburua eta Eibar aldizkaria erabiliko dira. Lehen biñetan, esaterako, Eibarko herriaren fundazioa (1346ko otsailaren 5a) kontatzen du J. A. Azpilikuetak bere erara, tartean Jaen, Alfontso XI.a, Villanueva, San Andres, Hiri Gutuna (Eibarko Efemeridiak, 56. orrialdea) eta koronabirusa ezin hobeto irudikatuz.

Bigarren biñetarako, Udal Artxiboak gordetzen duen agiririk zaharrena hartu du hizpide Martin Azpilikuetak. Alegia, 1409ko agiria (Eibar: orígenes y evolución, 369.-375. orrialdeak): Contrato suscrito entre el concejo de San Andrés de Eibar y los dueños de las caserías de Irure e Iralagoitia, sitas en Soraluze-Placencia de las Armas, por el pago de pechos y derramas concejiles. Itxura denez, eibartarrak eta plaentxiarrak autuan ibili ziren plaentxiarrek ordaindu barik erabiltzen zituztelako Eibarko hainbat terreno, larre eta baso. Azkenean Eibarko Kontzejuak, gauzak konpontze aldera, tratu bat egin zuen haiekin, nork zer erabil zezakeen erabakitzeko eta argi lagatzeko aurrerantzean zein izango ziren arauak.

Hala, XIV. mendean hasi eta gure egunetaraino, errepaso bat emango zaio herrian esanguratsuak izan diren gertaerei. Eta ez dira bakarrik aintzat hartuko letra larriko Historia osatzen duten gertakizunak, hala nola Fundazioaren Hiri Gutuna, frantsesek herriari su eman ziotenekoa edo Errepublikaren aldarrikapena; gogora ekarriko dira baita ere herri-barruko kontu txikiak, eguneroko pasadizoak, herriari bere izateko modua ematen diotenak.

Azpilikueta aita-semeak, komikiz komiki eta umore tantanka, irribarre txiki bat ateratzen saiatuko dira gure 675. urteurrenean.

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte