Azpilikuetatarren “Atzo goizeko ipuiñak”: Eibarko San Andres Kontzeju zaharraren 1501eko Ordenantzak
Ordenantza zaharrak (Jose Antonio Azpilikueta)
Javier Elorza historialariak dioenez, Ordenantza hauetan (PDF) jasotzen dira Erdi Aroan Eibarko herritarrek zeuzkaten kezka eta arazo nagusiak. Ordenantza berriak 89 kapitulu zituen guztira eta historialariak, gaien arabera, lau ataletan banatzen ditu.
Lehenengo atalean 21 kapitulu sartuko lirateke, hasierakoak Kontzejuko karguak aukeratzeko modua eta hautetsien betekizunak eta erantzukizunak ezartzen dituzte; eta ondorengo hamalau kapituluak ordena publikoari dagozkionak dira. Lehenengo kapituluak, esate baterako, Kontzejuko alkateak eta prokuradoreak izendatzeko modua zekarren tartean euskal berbaren edo beste erabilita: “se fagan nuebe charteles de sus nombres (…) e fagan venir un moço menor de quinze annos y le manden sacar un chartel”.
Ordena publikoaren alorrean, gaztigua egindako kaltearen araberakoa izaten zen, dirutan, desterratuta edo kontzejuko kartzelan kateaz lotuta ordaindu beharrekoa; edo, norbait hilez gero, askoz zigor gogorragokoa (“que lo faga matar al matador el alcalde”). Gezurretan edo besteei buruz gaizki esaka ibiltzen zirenek ere ez zuten kaztigu makala izaten: bederatzi eguneko kate-zigorra, irainka egiten zuenari ezartzen zitzaiona beste (del que dixiere a otro gaso o cornudo; del que llamare a la mujer puta o parida de otro…). Eta duintasun handiko kontua zen emakume ezkonduek edo alargunek zeramatzaten burukoak oratu eta kendu nahi izatea…Horixe da marrazkilariak hartu duen gaia.
Hurrengo multzoan 22tik 55 kapitulurainokoak sartzen ditu Elorzak, herritarrek eta kargudunek zituzten egitekoak zuzen bideratzeko atalak eta administrazio-prozedurari zegozkionak: herriko mendiak eta lursailak zaintzea; mendian surik ez egitea; arbolak zaintzea; harategiekin kontratuak egitea “para que en todo el anno aia carnicería” edo Kontzejuan bi ofizio inork ez izatea bezelako kapituluak.
Hirugarren atalean 56tik 76ra bitarteko kapituluak sartzen dira, eta denetarik aurki daiteke multzo horretan: herriko mugarriak urtero ikustera joateko obligazioa; “euno”ak edo zerealak ereiteko lursailak baimenik gabe ez hartzea; obrak egiteko baimenik izan ezean trabarik ez jartzea herriko kaleetan; alkahueteen kontrako zigorrak…
Azkenik, 77tik 89rako multzoan suari aurre egiteko eta prebenitzeko kapituluak eta Kontzejuaren barne-funtzionamenduari buruzko aruak dauzkagu.
Merezi du ahalegintxo bat egin eta Ordenantza zaharrak irakurtzea (PDF).
Dokumentuaren akzioak