Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Benigno Plazaola argazkilariaren legatua jaso du Udal Artxiboak

2017/05/11
Plazaola argazkilariaren legatuko 60.000 negatibo horietan dago jasota 1950-1985 urteen bitarteko Eibarko bizitza.

Plazaolaren optika zaharra Estaziño kalean (1953). Argazkia: Benigno Plazaola, EUA-AME

Benigno Plazaola argazkilariaren seme-alabek dohaintzan eman diote Udal Artxiboari. Horretarako, hitzarmen bat sinatu dute, eta Udalak hainbat konpromiso hartu ditu.

Aurren-aurrenik, Benigno Plazaola Argazki Funtsa Eibarko Udalaren Artxiboan txertatu da. Horrela, ikertzaileentzat zein gizarte osoarentzat eskuragarri egongo da. Eta, ildo berean, Artxiboko arduradunek hobekien deritzen moduan emango diote zabalkundea edukiei. Senezkoa den bezala, Artxiboak kontserbazio-egoera onean gordeko du Funtsa, agiriak ondo babestuta egon daitezen, eta ez ditu zati txikiagoetan multzokatuko, Funtseko agiri guztiek batera baitute berezko balio kulturala. Azkenik, Udalak eta Plazaola familiak adostu dute hauxe izango dela publikoki erabiliko den izen ofiziala: Benigno Plazaola Argazki Funtsa.

2015 urtearen amaieran, Plazaola familia Udal Artxiboarekin harremanetan jarri zen; Plazaola jaunak, argazkilari lanetan egindako 30etik gorako urteetan, sei bat kaxatan jasotako 60.000 negatibo inguru dohaintzan eman nahi zizkion Udalari.

Benigno Plazaola Goronaeta (1917-1988) Oñatin sortu zen, optika ikasi zuen Madrilen, eta lanbide horretan hasi zen Santanderren, senitarteko baten negozioan. Donostian bizi izan zen tarte txiki batez, eta orduan ezagutu zuen gero emazte izan zuena, Ramona Aguirre. 1947an Eibarrera etorri zen, eta Estaziño kaleko 8. zenbakian optika eta argazkilaritza saltokia ireki zuen.

Estaziño kaleko optika horretan beste argazkilari batzuk ere ibili ziren lanean, besteak beste, Javier Aguirresarobe, Javier Fernández eta Martín Romarate.

Funtseko agiriok Udal Artxiboan jaso eta hasierako inbentarioa egin dugu: kaxei etiketak eta negatiboei zenbakiak jarri dizkiegu, argazkilaritza-ondare honen gutxi gorabeherako neurria zein den jakiteko.

Benigno Plazaola 1953

Berehala ohartu gara Eibar bezalako herri batentzat oso garrantzitsua dela Plazaola Funtsa bezalako irudi-ondarea edukitzea; izan ere, bertan dago jasota 1950-1985 urteen bitarteko Eibarko bizitza: politika, gizartea, ekonomia, inaugurazioak, jaiak, elizkizunak, erakundeen izendapenak, industrien eta enpresen sorrerak eta, beste ezeren gainetik, kirola, kirol asko. Plazaola Funtsean topa daitezke Eibarko kirol-jardueraren lekukotasun ugari: Arrate eskubaloi-taldea, pilota Astelenan, saskibaloia Unibertsitate Laboraleko kantxan, atletismoa Klub Deportiboan, Sociedad Ciclista Eibarresak eta Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako lasterketak eta Sociedad Deportiva Eibarren eta haren taldeak maila desberdinetan egindako ibilbidea, noski.

Hala ere, lan handia dago egiteko oraindik. Agiriok ongi dokumentatu eta digitalizatu behar dira, eibartar guztiek eskura eduki dezaten beren historiaren zati handi baten irudizko memoria.

Dokumentuaren akzioak