Bisita gidatua San Andres eliza ezagutzeko, martxoaren 26an goizeko 10etan
Erretaularen goiko partea. Argakia: Sonia Uribe.
San Andres elizaren ateak zabalik egongo dira egun horretan Artearen Historian doktore den Satur Peña Puente eibartarraren eskutik egingo den bisita gidaturako.
Ego Ibarra batzordeak 2008an kaleratu zuen Satur Peña ikerlariaren San Andrés de Eibar liburua, Garay argazkilari entzutetsuak 1985ean atera zituen argazkiez lagunduta. Liburu horretan, ondo jorratutako bost kapitulu sakonetan, San Andres elizaren zertzelada guztiak daude jasota: atarikoak Historian zehar Elizak hiribilduen fundazioan izan duen zerikusia eta zeresana jasotzen du; hurrenak, gure herriko elizaren sorrera eta izan dituen eraberritze eta handitze guztiak; hirugarrenak, estilo arkitektonikoa eta klabeak —agian, eibartarrontzat, alderdirik ezezaguna—; laugarrenak, erretaula nagusiaren historia; eta erretaularen programa ikonografikoa eta analisi estilistikoa biltzen ditu azkenak.
Liburuaren haritik tiraka, Ikastenek orain eskaintzen duen aukera paregabe honi esker, gure herriko elementurik garrantzitsuena gehien aztertu duen pertsonaren eskutik eibartarrek beren sustraien berri izango dute, San Andres parrokiaren berri, alegia. Hitzordua martxoaren 26an izango da, elizako atean bertan, goizeko 10etan.
Dokumentuaren akzioak