BOJ Olañeta SL fabrikaren 110. urteurrenaren erakusketa Armagintzaren Museoan
BOJ fabrikak atera duen liburuxka urteurrena dela-eta (Egilea: BOJ)
BOJ Olañeta SL: enpresa baten ibilbide luzea eta aberatsa.
1905. urtean Manuel Barrenechea, Bernardo Olañeta eta Vicente Juaristi eibartarrek enpresa bat sortzeko asmoz elkartu ziren, gerora, BOJ izango zena. Hortik datorkio izena tailerrari, sortzaileen abizenen lehenengo hizkiak batzetik: Barrenechearen B, Olañetaren O, eta Juaristiren J.
Lanlekua Jardiñetan izan zuen enpresak 1905 eta 1939 bitartean. Azken urte horretan, Matxarian lursaila erosi eta bertara eraman zuten. 1940ko uztailaren 24an inauguratu zen eta han segitzen du gaur egun ere.
Hasieran, Manuel Barrenechea marrazkilari lanetan eta damaskinatuan aritu bazen ere, denbora aurrera joan ahala, industria-grabatuan sakondu zuen bere jarduera profesionala. Bernardo Olañeta damaskinatu aurreko plantillak egiten zen trebea eta fabrikazioan zein puntzoian aditua. Vicente Juaristi, lanbidez, armagina zen, eta, urteak pasa ahala, saltzaile bikain bilakatu zen.
BOJ Olañetaren hastapenetan ekoiztutako lanen artean, honako altxor hauek dauzkagu: 1914an Armagintza Eskola ireki zeneko armarria eta puntzoia, Euskal Herriko Arte eta Gipuzkoako Industrien Erakusketaren oroitzapenezko domina (1914), La Marcial Musika Bandaren 1917. urteko ikurra, Manuel Barrenecheak xixelarekin grabatutako gudarien 1936ko ikurra.
1922a urte berezia izan zen Barrenechea, Olañeta eta Juaristi hirukotearentzat, gerrikoen belarriak ekoizteko patente eskubide batzuk erosteko erabakia hartu baitzuten. Gehienetan, kirol edota erlijio gaiak erabiltzen zituzten, baina zenbait kasutan futbol taldeen intsigniak ere bai. Belarriak egiteko, taladroa erabiltzen zuten, garai hartan modu berezia.
Sasoi hartako fabrikazio datuei dagokienez, ezinezkoa da jakitea, ez baita 1936 aurreko idatzizko dokumenturik gorde. Orduko liburu bi bakarrik izan dira gorde ahal izan direnak, eta biak daude erakusketan.
1932-33 urteetan, kooperatibetako ekonomatoetan erabiltzen ziren txanponak fabrikatu zituzten. Urte hartan, labana txiki bat patentatu zuten eta estanpazio zein burdindegietako publizitaterako erabili zen. Orduan hasi ziren palanka bikoitza ekoizten, BOJen historian bereizgarri izan den pieza.
Gerra zibila amaitu zenean, palanka bikoitzetan espezializatu eta produktu berriak produzitzen hasi ziren, hala nola, bizarra kentzeko makinak, depilatzeko pintzak, sarrailak edota giltzarrapoak. David Olañetak diseinatutako palanka bikoitza aparta, bere egin zuten ekoizle askok eta askok, eta oso ezaguna egin zen.
David Olañetak zuen lan egiteko modua eredugarria izan da. Eibarko Armeria Eskolan egin zituen bere ikasketak, eta ikasketak amaitu eta berehala, bertan irakasle gisa jardun zuen. Baina familiako tailerra zuen gogoko eta bere indar guztia han ipini zuen jubilatzeko garaia iritsi zitzaion arte. Denbora luzean, bera izan zen tailerreko nahiz bulego teknikoko arduraduna, eta fabrikazio prozesuetan hobekuntza ugari ekarri zituzten sistemak bultzatu zituen.
Enpresa honen produkturik ezagunenetako bat paretako kortxo-kentzekoa da, 1959. urtean patentatutakoa zuten. Gaur egun, horixe da BOJ Eibarko fabrika zaharrenetako honen produkturik arrakastatsuena lata-irekitzaileekin batera, munduan barrena zabaldu dutena.
BOJek liburuxka bat atera du urteurrena dela eta. Hemen jaitsi dezakezu BOJen katalogoa (PDF, 3 Mb).
Dokumentuaren akzioak