Ego Ibarra Batzordeak hitzaldi-sorta bat antolatu du Eibarko DBH4 eta Batxilergoko ikasleentzat
Esklabuak. Egilea: Joseba Larratxe.
Gazteen artean Historiarekiko interesa piztu eta ikasketa-prozesuaren amaieran gainditu beharreko selektibitate-probarako laguntza edo pizgarri osagarri bat eskaintze aldera, konferentziak antolatu dira datorren hilabeterako. Xede hori kontuan hartuta, ikastetxeei proposatu zaie zer gaitan sakondu nahi duten esan dezaten, horren arabera hitzaldiak eta adituak ekartzeko. Oraingoan frankismoa eta esklabutza izan dira aukeratuko gaiak. Hitzaldi gehienak eskoletan emango dira.
Nabarmentzekoa da EHUko Historiako irakasleek DBH II eta Eibarko Batxilergoko ikasleei zuzendutako hitzaldiak prestatzeko erakutsi duten konpromisoa eta jarrera aparta.
Lehenengoa La Salle ikastetxean izango da, martxoaren 2an, eta saio bi eskainiko dira (10:00etan eta 12:00etan). Hizlaria Aritz Ipiña Historiako doktorea izango da. Gaia, honako hau: Frankismoaren eragina Euskal Herrian.
Hirugarren saioa, Aldatze eskolako ikasleentzat, udaletxean izango da, martxoaren 3an, eta hizlari berbera, Aritz Ipiña. Jorratuko den gaia: Estatu frankistaren sorrera (1939-1959). Oinarri ideologiko, politiko eta sozialak (Estatuan eta euskal lurraldean). Erbestean zegoen oposizioa eta barruko erresistentzia. Autarkia ekonomikoa. Nazioarteko politika.
Laugarren saioa martxoaren 14an izango da Institutuan eta hitzaldia Oscar Álvarez Historiako doktoreak emango du. Landuko duen gaia: XVI. eta XVII. mendeetako esklabutza-trafikoari buruzko ikuspegi orokor bat: zifrak, sistemak, esklabuak nola harrapatu eta eramaten zituzten Afrikatik, batez ere Ameriketara, eta abar.
Bosgarrena, martxoaren 21ean izango da Institutuan eta aurreko hizlari berberak emango du. Gaia: Aro Berrian zehar Euskal Herria/euskaldunak eta esklabutza. Euskal Herritik kanpo, esklabuen salerosketan parte hartu zuten euskaldunak. Euskal Herrian bertan zeuden esklabuak (hain ezaguna ez den gaia).
Eta seigarren saioa ere Institutuan izango da, martxoaren 28an. Joseba Agirreazkuenaga Historiako katedratikoak emango du, honako gai hau mintzagai: XIX. mendean, esklabu-salerosketaren ondokoa eta bereziki Euskal Herrian izan zuen isla zuzena, hainbat eraikuntzatan ageri dena. Gogoeta egingo da iraultza industrialean izan zuen eraginari buruz, eta, bukatzeko, gogoeta etikoa egingo da, Nazio Batuen bidez arautzen doanez gero, erreparazioari buruz. Gure aberastasunaren eta ongi izatearen sorburua izan denez, Afrikako herrialdeak erreparazioa eskatzen ari dira. Deba Arroko industriagintzan eta Euskal Herrian eragin zuzen-zuzena duen fenomenoa da.
Dokumentuaren akzioak