Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Egogaineko etxe zaharrak botatzear

2011/05/11
Eibarren dauden eraikin zaharrenetarikoak, San Andres pasealekuko 6. eta 7. etxeak, botatzen hasi dira.

Iñigo Artamendi

Augusto Aguirre arkitektoak 1913an eraikin bat bakar legez proiektatu zuen eraikina, eskailera bakarrarekin, baina eraikuntzaren uneren baten, nola ez dakigula, “siames” tankerakoak  bilakatu ziren: bakoitzak bere eskailera eta sarbidea zuen, baina biek zuten egitura eta fatxada-konposizio berdina. Egurrezkoak ziren etxe bion karga-hormak eta egiturak, izan ere, sasoi hartan, egurra baitzen eraikuntza material merkeena, eta eraikinak, bihargin familiei bizilekua errentan ematea zuen helburu.

Ez da marka makala 96 urtera hain xede xumearekin jasotako eraikuntza batentzako, baina azkenean, egurraren ahuleziari –bereziki, behar bezala zainduta ez dagoenean-, denboraren joanak, trafiko astunak eta eguraldiak berak, nabarmena den narriadura ekarri diote eraikinari, bereziki 2002. urteaz geroztik habetuta dagoen 6. pegorari, bota beharrera iritsi arte. Zoritxarrez, egoera horrek bere bikiaren patua ere erabaki du elkarrekiko duten egitura menpekotasunagatik, nahiz eta 7ak urteen joan hobeagoa izan.

Arrakalaz eta kedarrez markatu duten denboraren eta abandonoaren aztarnak bazter batean uzten baditugu, ez da eraikin zatarra:  aurreko fatxadan  zurezko egitura duten galeria luzeak ditu, beirate argitsukoak eta listoiz osatutako motibo geometrikoekin dotoretuak. Etxeok botata, antzinako Eibar hartan nagusi izan eta orain desagertzeko zorian dauden  bidezorro itxurako distribuzioa zuten biharginendako errentako etxe haietatik geratzen ziren azkenetako adibideak betiko galduko  dira. Eurekin batera doaz herriko gautxorien habi ezagunenetako bi.

Eraikinaren egiturak oso egoera larria duenez eskuz botako da, eta horren ondorioz, lanok aste batzuetarako izango dira.

 

Dokumentuaren akzioak