Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar, Soraluze, Bergara eta Elgeta herriek muga egiten duten lekuetako mugarrien konponketa urriaren 4an eta 5ean egin zen

2022/11/03
Ego Ibarra Batzordeak herriko mugarriak HAPOren katalogoan babestu beharreko ondaretzat sartzea eskatu du.

Mugarriak konpontzen (2022ko urria) (Argazkia: Julian Etxeberria).

Azken urte hauetan egindako baso-lanen ondorioz, mugarriak kaltetu egin ziren; batzuk lekuz aldatu eta beste batzuk lurperatuta geratu zirenez, Eibarko Udalak, albo-herriei adierazita, urriaren 4an eta 5ean konpondu zituen mugarriak, horretarako enpresa bat hartuta. Lanak Klub Deportiboko kide baten gidaritzapean egin ziren.

2022ko urriaren 19an egindako bilkuran, Ego Ibarra batzordea gaiaren inguruan aritu zen, eta Hirigintza Batzordeari,  herriko  mugarri guztiak babeste aldera, HAPO berriaren katalogoan sartzea eskatu dio, Euskal Kultura  Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 3. artikuluak udalei babeserako hirigintza-katalogoak idatzi eta kudeatzeko ematen dizkien eskumenetan oinarrituta.

Lege horren ondorioetarako, ondasun hauek osatzen dute euskal kultura-ondarea: arte, historia, arkeologia, paleontologia, etnologia, antropologia, hizkuntza, zientzia, industria edo paisaia edo arkitektura aldetik, edo kulturaren beste edozein alderdiren aldetik, balioa duten Euskadiko kultura-ondasun guztiek (higiezinak direla, higigarriak edo immaterialak), aintzat hartuak izateko eta belaunaldi arteko transmisiorako interesa badute.

Mugarrien kasuan, elkarren ondoan dauden herrien  sorrera seinalatzeaz gain, herri bakoitzaren lur-mugak adierazten dituztenez, interes historiko handikoak dira, ezbairik gabe. Ez dira harri zahar hutsak. Horrexegatik eskatu da Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta, Zaldibar, Ermua, Mallabia, Markina eta Elgoibar herriek muga egiten duten lekuetako mugarriak herriko HAPOren Katalogoan jasotzea, babesteko, gure historiaren lekukoak dira-eta.

Dokumentuaren akzioak