Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Casinoak 100 urte Ibarkurutzeko kantoian

2012/04/17
Casino Artista Eibarrés elkartea 1912. urtean sortu zen, Club Eibarrés eta Casino Artista elkarteak biak batuta.

Casinoak 100 urte

Casinoko bazkideak, Pedro Uncetaren presidentziapean, 1896az geroztik Estaziño kaleko Salón Teatro-an biltzen ziren, harik eta 1912ko martian, hango lokala txiki geratu zela eta, Club Eibarrés-ek zuen lekura aldatu eta biak bat eginda Casino Artista Eibarrés sortu zuten arte.

Han segitzen du gaur egun ere, Estaziño kalea Ibarkurutze kalearekin elkartzen den kantoian. Bazkideek egin zuten lehenengo Batzarrean ondoko zuzendaritza-talde hau aukeratu zen: presidentea, Tomas Garate; presidente-ordea, Crispin Hernández; diruzaina, Eulogio Arizmendi; idazkaria, Vicente Hernández. Bokalak: Lorenzo Valenciaga, Doroteo Larrañaga, Satur Aramburu, Andrés Arana eta Candido Bustinduy.

Azpimarratzekoa da, hasieratik bertatik, ideologiak eta sinesmen kontuak albo batean utzi zituztela Elkarte barruan eta hala jaso zuten idatzita euren Erregelemanduan. Asmoa kulturaren eta artearen alde lan egitea eta herriaren alde egitea zen. Handik hona 100 urte igaro dira baina oraindik hor dago hainbeste eibartar ezagutu dituen Casinoa.

Hona hemen gaur egungo zuzendaritza-taldea osatzen dutenak: Presidentea, Jose Alberto Aldazabal Olea; presidente-ordea eta idazkaria, Jorge Rubio Gómez; diruzaina, Rafael Férnandez Calvo; aholkulariak, Federico Aldazbal Arteche eta Alberto Aberasturi Mazas. Urte honetan Eibarko Kasinoak hainbat ekitaldi antolatu ditu mendeurrena ospatzeko.

Informazio gehiago 75. urteurrenaren liburuan.

Dokumentuaren akzioak