Eibarko DBH4 eta Batxilergoko eskolekin elkarlanean, Ego Ibarra Batzordeak Historiako hitzaldi-sorta bat antolatu du ikasleentzat
Ione Zuloaga Muxika. Argazkia: Maxixatzen.eus
Historia alorreko hitzaldiak antolatu dira, gazteen artean alor horrekiko interesa piztu eta ikasketa-prozesuaren amaieran gainditu behar izaten duten selektibitate-probarako laguntza osagarri bat eskaintzearren.
Ikastetxeak izaten dira gaia aukeratzen dutenak eta Ego Ibarra Batzordeari dagokio gai horiek jorratuko dituzten adituak bilatzea.
Aurtengoan, Euskal Foruak eta karlistadak, II. Errepublikaren aldarrikapena eta emakumeen rola Espainiako eta Euskal Herriko Historia garaikidean eta 1936-1945era jasan zuten errepresioa izan dira aukeratuko gaiak. Hitzaldi gehienak eskoletan emango dira.
Lehenengoa La Salle ikastetxean izango da, martxoaren 1ean. Hizlaria, Gotzon Iparragirre Burgoa ikerlaria,“Juan San Martin Beka”-ren irabazlea, eta karlismoan aditua izango da, eta gaia Euskal Foruak eta karlistadak. Eibarren izan zuten eragina. Martxoaren 15ean ere, eskola horretan emango du bigarren saioa.
Martxoaren 15ean, Institutuko Areto Nagusian, Jesús Gutiérrez Arosa historialari eibartarra arituko da II. Errepublikaren aldarrikapena Eibarren gaiaren inguruan. Hitzaldi berbera emango du martxoaren 19an, leku berean, Institutuko beste ikasle-talde batentzat.
Martxoaren 22an Eibarko udaletxeko Batzar Aretoan, Ione Zuloaga Muxika historialariak Emakumeen papera Espainiaren (eta Euskal Herriaren) Historia garaikidean eta 1936-1945 bitartean jasan zuten errepresioa gaia jorratuko du Aldatzeko ikasleen aurrean udaletxeko Batzar Aretoan, eskolak ez baitu honelako ekitaldietarako aretorik.
Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira eta herritarren batek hitzaldi horietako batera joan nahi badu aukera du aurretik Ego Ibarrara deituta (943-708423) edo idatziz adierazita (egoibarra@eibar.eus).
Dokumentuaren akzioak