Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko ermiten eta santutxuen inguruko ahozko testigantzak eta irudiak batuko ditu Ego Ibarrak aurtengo ekitaldian.

2020/06/04
Salbadore, Akondiako San Pedro, Santakurutz, San Martin, Maala, eta Sandroman ditugu oraindik zutik dauden ermitak.

Santakurutz ermita. Argazkia. Periko Iriondo.

Eibarrek hainbat ermita eta eliza izan ditu historian zehar, baina, zoritxarrez, horietako asko galdu egin dira: Orbeatarren elizatxoa (1927koa, Urkizun); Errebaleko komentua (1602); Isasiko eliza (1597), gerratean galdutakoa; Azitaingo San Rafael (1927); Untzagako San Juan (1556); San Esteban (1620, Barrenkalean zegoen; santuaren irudia Arraten dago); Santa Ines (1550, hango erretaula San Andres parrokian dago); Elexalde (Aldatze ikastetxea dagoen lekuan); Urkiko San Lorentzo (1610); Ibarkurutzeko ermita (1694).

Asko da  betiko galdu den erlijio-ondarea, eta, horregatik, Ego Ibarrak, aurten, baserri-auzoetan dauden ermita hauen inguruko testigantzak eta irudiak batuko ditu: Salbadore, Akondiako San Pedro, Santakurutz, San Martin, Maala eta Sandroman. Nola ez,  Aginagako San Migel elizatea eta santutxuak ahazteke.

Eibartik Elgetarako bide zaharraren ondoan dago Salbadore, eta Areta baserrikoena da. Lehenengo aipamena 1802koa da. Abuztuaren 6an ospatzen da Salbadore eguna.

San Martin ermita Arrate bailaran dago eta  izen bereko baserriaren ondoan aurkitzen da. Gaur egun baserriaren premietarako erabiltzen bada ere, bere sasoian hiru aldare izan zituen San Martin, San Antonio eta San Prudentziorenak.

1862koa da Mandiola bailarako Santakurutz ermitaren inguruko aurreneko aipamena; oso egoera onean dago eta auzoko baserritarrek hartzen dute haren kargu. Maala edo Gorostako Magdalena —gaur egun etxe bihurtua— 1571koa dugu. Hango Magdalenaren irudia Azitaingo elizan dago.

Sandroman ermita izen bereko baserriarena da, eta Sandroman eta Santa Agedaren irudiak dauzka. 1556an agertzen da agirietan. 1980ra arte domekero meza ematen zen.

Historiagileen arabera, Akondiako San Pedro da Eibarko ermitarik aipagarrienetakoa, Eibar sortu zuten Soraen eta Akondia kofradia bien elkargunean aurkitzen delako.

Magdalena, Azitaingo elizan.

Magdalena, Azitaingo elizan.

 

Aginagako eliza antzina, dorrearekin. Argazkia: Indalecio Ojanguren (guregipuzkoa)

Aginagako eliza antzina, dorrearekin. Argazkia: Indalecio Ojanguren (guregipuzkoa).

 

Dokumentuaren akzioak