Eibarko gerra-fronteko bisita gidatuak apiriletik daude martxan

Arrateko Gerra Zibileko Interpretazio Zentroa urtebetez itxita egon ondoren, apirilean ireki zituen ateak berriro ere. Jesus Gutierrez historialariaren eta Jose Luis Valenciaga eibartarraren laguntzari eta aholkularitzari esker jarri zen martxan proiektu hau. Trintxera baten itxura duen gela batean, Arrateko zelaiak eta Eibarko herriak ezagutu zuten izua eta ikara erakusten da. Bertan Badihardugu elkarteak egindako ikus-entzunezko bat, Eibarren izandako gerratearen maketa, bost panel eta erakusleihoetan hainbat material daude (uniformeak, karnetak, gerratean erabilitako material simulatuak...), baita kartelak, banderak eta lau erreprodukzio ere. Zentroa igandero egongo da zabalik, 11:30etik 13:30era.
Gela txiki horren helburua gerra-frontean gertatutakoa erakustea da, hau da, gure memoria historikoa zabaltzea, nabarmentzea eta babestea. Nahiz eta Interpretazio Zentroa zabaltzearekin batera inguruan hainbat panel jarri ziren, gaur egun, horietako batzuk hondatu egin dira. Hori horrela, panel horietako QR kodeen bitartez eskuratzen genuen informazio guztia, webgune batean jaso da: https://www.gerrazibilaeibarren.eus/. Webgune horretan hiru ibilbide ageri dira, eta horietako bakoitzean gure herriko gertaera garrantzitsuenak jasotzen dira, betiere, Gerra Zibilaren aurrekari, gertakari eta ondorioak nabarmenduta.
Lehen egin bezala, apiriletik, gerra-fronteko bisita gidatuak egiten ari dira. Mendi-ibilbide bat da eta bisitariak aukera izango du gerratearen momentu garrantzitsuenak gertatu ziren toki horietan egoteko. Igande honetakoa, hilak 6, hirugarren bisita gidatua izango da. Bisita goizeko 11:00etan hasiko da Interpretazio Zentrotik eta 14:00ak arte iraungo du. Informazio guztia esteka honetan topa daiteke: https://www.eibar.eus/eu/kultura/albisteak/gerra-frontearen-bisita-gidatua-1
Hauek dira egingo diren bisita gidatuen datak:
- Irailak 14: gaztelera
- Urriak 5: euskara
- Azaroak 2: gaztelera
- Abenduak 14: euskara
Webgune honetan, Interpretazio Zentroaren argazkiak ikusi daitezke: https://egoibarra.eus/eu/argazkiak/gerra-zibilaren-interpretazio-zentroa
Dokumentuaren akzioak