Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko ikertzaileak plazara UEUren 50. urteurrenean, Markeskoan

2022/06/01
Felix Elortza, Iraia Muñoa, Miren Atristain, Jone Amuategi eta Arrate Hernández herriko ikerlariak arituko dira gaurko ekitaldian

Jone Amuategi Aulestiarte. Argazkia: eta kitto!

Felix Elortza Bastarrika (1970) eibartarrak biologia-ikasketak egin zituen eta doktoretza Danimarkan eskuratu zuen; gaur egun, CICbiomaGUNEan dihardu lanean eta irakaslea da Biologia molekularreko eta Biomedikuntzako masterrean, arlo horretan gertatzen diren etengabeko aurkikuntzak eta aurrerapausoak miatzen. Arrate Hernández Arizaga (1979) ingeniaritza energetikoaren alorreko irakaslea eta ikerlaria da EHUko Makinak eta Motore Termikoak Sailean.  Iraia Muñoa Hoyos (Eibar, 1989) bioteknologoa dugu eta Leioako Medikuntza Fakultateko Giza ugalkortasun taldeko ikerlaria da, Fisiobiologian, eta ingumen-faktoreek gametoetan eta enbrioi-kalitatean izan dezaketen eragin epigenetikoa identifikatzen dabil.

Miren Atristain Vegak (1992) biologia-ikasketak egin zituen eta urteak daramatza urtegi handiak hustutzeak ibaietako ekosistemaren funtzionamenduan eta dibertsitatean nolako eragina duen aztertzen. Jone Amuategi Aulestiarte (1996)  bioteknologian graduatuak, biologia molekularraren eta biomedikuntzaren inguruko ikerketan dihardu,  kukurruku-eztula sortzen duen bakteriaren eta horren toxinaren inguruan.

Ikerlariak gutxitan agertzen dira jendaurrean; gizartea ere ez da asko gogoratzen askotan hala moduzko lan-baldintzetan herritarron onerako ari diren ikerlariekin. UEUren egoitza nagusian, Markeskoan, gure herriko ikerlari batzuk gertutik ezagutzeko eta zertan dabiltzan jakiteko aukera izango dugu gaur arratsaldean, 18:30ean.

Dokumentuaren akzioak