Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko industria-eraikinak, elizak, ermitak, edifizio zibilak: hori guztia eta gehiago da Lekuak&Historia webgune-atal berria

2023/12/05
Abian da Eibarko herriak azken 140 urte hauetan egin duen ibilbidea geruzaz geruza bistaratzen hasteko lekua.

Eibarko ondarearen webgune berria, 1939ko maparekin

Eibarko ondare historikoa eta kulturala osatzen duten eraikinen webguneak eman ditu bere lehen pausoak. Bertan era guztietako informazioa aurkitu ahal izango da gure historiaren parte diren eraikin industrialei, erlijiosoei eta zibilei buruz: artxiboetako dokumentu historikoak, lekukotasunak, artxibo multimediak, argazki-galeriak...  

Webgune honetan dauden eraikinak 3 talde handitan daude banatuta: eraikin industrialak, erlijiosoak eta zibilak. Une honetan, atalik zabalena eta osatuena eraikin industrialena da, Mikel Aparicio arkitekto eibartarrak egindako azterketa sakon baten erakusleiho dena; bertan, 40 industria-eraikin handienen inguruko informazioa dago, eta hurrengo hilabeteetan beste horrenbeste gehituko dira, arkitekto eibartarrak egin zuen lanaren erakusgarri. Ikerketa hartan erabili zuen dokumentazio osoaren oinarria Eibarko Udal Artxiboan aurkitzen diren agirietan dago. 

Eibarko Ondarea, Lekuak eta Historia - Gabilondo eboluzioa

Gabilondo enpresaren eta eraikinaren eboluzioaren urrats bat, 1955. urtean zuen itxuraren laburpenarekin (Mikel Aparicio).

Eraikin erlijiosoen kasuan, Eibarko zazpi eliza eta ermita nagusiak aukeratu dira eta horien informazioa txertatu, informazio historikoarekin eta argazkiekin osatuz; gaiaren inguruko testigantzak ere gehituta. Hemendik denbora gutxira, 2024ko urtarrilean, San Andres elizaren bisita birtuala ere webgune honetan eskegiko da. Eraikin zibiletan, oraingoz, edifizio nagusiak baino ez dira sartu, baina hurrengo hilabeteotan atal hau zabaltzeko asmoa dago.  

Eibarko Ondarea, Lekuak eta Historia - Aurrera 1928

Aurrera enpresak 1928an egindako lanen planoa (Eibarko Udal Artxiboa). Horrelako 4000 dokumentu aurki ditzakezue Eibarko ondare historikoaren webgune berrian.

Webgune hau datu-base erraldoi bat da, biltegi handi bat, eta eraikinak topatzeko modurik bisualena plano-sistema bat da, hau da, Eibarko planoaren (edo planoen) gainean, puntu horiek kokatzeko eta ikusteko aukera izango dugu. Berritasun nagusia da plano hori ez dela bakarra eta ez dela bakarrik gaur egungo mapa bat. Eibarrek gaur egun duen itxura erakusten duen plano estandarrarekin batera, Eibarko Udal Artxiboan dauden beste 4 plano historiko ere txertatu dira sisteman, eta erabiltzaileak aukeratu ahal izango du zein plano erabili nahi duen puntuan bisualizatzeko.

Historiaren geruzak balira bezala, 1885, 1925, 1939 eta 1959ko plano horiei esker ikusi ahalko dugu zelan joan den Eibar hazten eta aldatzen azken 140 urte hauetan.

Eta atal hau ez zatekeen posible izango hainbat udal sailen arteko elkarlana (Ego Ibarra, Udal Artxiboa, Itzulpen Zerbitzua, Informatika eta Hirigintza), Badihardugu elkarteak bildutako eibartar askoren bizitza- eta lan-lekukotasunak (Eibartarren Ahotan eta Euskal Herriko Ahotsak proiektuak),  Codesyntax enpresaren garapen teknikoa, Eibarko argazkilari handiek herriaren esku utzitako lana (Castrillo-Ortuoste, Plazaola…) eta beste eragile askok emandako laguntza tartean egon izan ez balira.

Eibarko Ondarea, Lekuak eta Historia - Eraikin Industrialak

Webgune berriaren itxura.

Eibarko Ondarea, Lekuak eta Historia - Gabilondo, frontoia

Gabilondo enpresaren frontoia, enpresaren terrazan, Barrena kalean (Mikel Aparicio). 

Eibarko Ondarea, Lekuak eta Historia - San Andres

San Andres eliza. Eibarko 7 eraikin erlijioso nagusiak gehitu ditugu dagoeneko datu-basera. Hurrengo hilabeteetan atal hori osatzen jarraituko dugu.

Dokumentuaren akzioak