Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko jaiak eta ospakizunak, ohitura zaharrak, usadio berriak.

2021/12/13
675. urteurrenaren kronikak amaitzeko, urtero egiten diren herriko jai nagusien errepasoa egingo dugu, urteek aurrera egin ahala, moldatzen joan direnak.

"Gaztaiñaloween" (Atzo goizeko ipuinak, Martin Azpilikueta)

San Blas eguna

Otsailaren hiruan, San Blas egunez, opilak bedeinkatzeko ohitura aski zabaldua dago. San Blas opilek eztula sendatzen laguntzen omen dute eta San Andres elizara eraman behar dira bedeinkatzera. Lehen, Santa Ineseko ermitara eramaten ziren, non San Blasen irudi bat gurtzen zen, baina gero ohitura San Andres parrokiara eraman zen. Batzuek, opilaren gainean, oihal barnetik zintak jartzen zituzten haiek ere bedeinkatzeko, eta gero, lepoan jartzen zuten, eztula kentzen zuelakoan. Eta San Blaseko beste ohitura tipiko bat argazki bat ateratzea zen elizaren aurrean opil bedeinkatua eskuetan hartuta.

San Blas opila etxe askotan egiten da eta hainbat errezeta daude. Beste askok okindegietan erosten dute.

Santa Ageda

Santa Ageda bezpera gauean, otsailaren 4an, taldeak kalez kale ibiltzen dira kantuan. Eibarren, Aginaga auzoko San Roman ermita dugu ohitura honen agiririk zaharrenak ematen dizkiguna. San Romanen XVI. mendeko Santa Ageda irudi eder bat gordetzen da eta lehen haurdun zeuden emakumeak otoitz egitera eta kandelak piztera joaten zitzaizkion.

Antzina, bezpera iluntzean talde bat abiatzen omen zen kantari, bertsolari batekin, baserririk baserri. Azken urteetan, hainbat kolektibok antolatu izan dituzte kanta-eskeak, besteak beste, Sostoa abesbatzak, jubilatuen taldeak, ikastetxeak...

Aratosteak

Gerra ostean Aratosteak debekatu egin ziren, baina gerra aurretik indar handia zuten jaiek; konpartsak ibiltzen ziren jai-giroan eta bertsoak kantatuz. 1930ean, esaterako, konpartsa batek aireplano bat eraiki zuen kainaberazko armazoiarekin eta oihal zuri batekin. Kalerik kale hura erakutsiz, kantuan eta jai-giroan ibili ziren.

Trantsizioko urteetan berriz ere indar handia hartu zuten jaiek eta belaunaldi batekoek gogoan izango dituzte “Errealisten” desfileak. Goi Argiko 14 emakumeri bururatu zitzaien Errealeko jokalarien moduan jantzita irtetea. Eta hainbesteko arrakasta izan zuten ezen hurrengo urteetan jende gehiago batu zitzaien eta urtero antolatzen zuten desfile umoretsu bat. Emakume koadrilla hura klasiko bat bihurtu zen 80ko hamarkadan eta mundu guztia egoten zen haiek zer asmatuko zain.

Las realistas

San Juanak

San Juanetako jaiek beti izan dute oihartzun handia Eibarren eta beste herri askotan. Gure herriaren historian dokumentu ugari daude San Juan jaiei erreferentzia egiten dietenak. Esaterako,  1708. urtean Udalak 100 erreal ordaindu zituen jaietan bolbora erosteko. Suak Untzaga plazan bertan pizten ziren, eta bertan zegoen San Juan ermita (hiri-harresitik kanpo geratzen zen orduan Untzaga). Ermita hura Untzagan egon zen udaletxea egiteko bota zuten arte.

Jai hauek badituzte bere kantuak ere. San Juan doinua oso zabalduta dago Euskal Herri osoan. Iztuetak berak ere eman zuen zortziko honen berri, hala ere, letraren egiletza zehatzik ez dugu. Beraren doinuarekin eratu zuen Guridi konpositoreak “El Caserío” izeneko zarzuelaren intermedioa.

Egun zoragarri hau heldu da berriz
pozan pozez bihotzak beterik.
Mendietako baserrietan
kaleko plaza danetan
San Juan suak piztutzen dira
gau zoragarri honetan.
….

Bestalde, gure geografian aski hedatuta daude suaren gainetik jauztean, honako esaera hauek: txarrak kanpora eta onak barnera eta antzekoak. Txarraren hondamena eta ona gailentzea sinbolizatzen da eguzkia goren aurkitzen den egun hauetan. 

San Juan Sorba

Tradizio zaharrak dio sorba, San Juan egunez bedeinkatu eta trumoiak jotzen zuenean erretzen zen belar-txorta zela; kandela bedeinkatua piztu eta sorba erre egiten zen “Santa Barbara, Santa Kruz, jauna balio jakiguz” esanda; txorta hartatik sobratzen zena San Juan bezperan erretzen zen.

Sorban, sasoi batean, erdian, oloa edo garia jartzen zen, gero, haren bueltan baina  beheraxeago porruak, berakatzak, kipulak; ondoren,  belar onak eta txarrak  –berbena belarra, anis-belarra, mieloa, menda-belarra, batana, sorgin-belarra…—; baita abarren bat edo beste ere, kindda-abartxoren bat, erramua, gisatsa…

Gaur egun ortuariak, belarrak, erromeroa, arrosak eta San Juan lorea edo beste lore mota batzuk sartzen dituzte baserritarrek. Bakoitzak aukeratzen du zein den sorbarako belarra edo landarea. Hala ere, txorta dotorea izaten da beti.

Antzina, San Juan egunean Arratera joaten ziren baserritarrak sorba bedeinkatzera;  gero, Ospitaleko kaperara edo elizatxora joaten ziren; gaur egun bakarrik Azitaingo elizan bedeinkatzen dira. Hala ere, elizara joan barik ere badago, San Juan bezperan, gauez, sorba zelaian utzi eta ilargi amandreari begira jarrita, ihintzarekin bedeinkatzen duenik ere.

San Juan sorba bedeinkatu, etxean sikatzen laga eta hurrengo urteko San Juan bezperan, sua piztu eta sutara botatzen da hauxe esanda:

San Juan, San Juan
Arrautza bi kolkuan
Beste bi altzuan
Lapurrak eta sorgiñak erre!
Garixak eta artuak gorde!
Arrateko jaiak

Eibartarrontzat Arraten sortzen da bizitza. Izan ere, beste toki batzuetako haurrak zikoinak edo Paristik ekarriak diren bezala, gu Arratetik gatoz. Agiri zaharretan, 1498. urtean aipatzen da lehen aldiz eliza. Eta 1508rako bazen Eibarren Arrateko Amaren kofradia bat. Kondaira bat ere badu gure ermitak: Ama Birjina artzain bati agertu omen zitzaion Arraten, eliza bat eraikitzea eskatuz. Artzainak inguruetako baserritarrei aditzera eman omen zien, eta guztien artean erabakia hartu, eliza Azitainen egitea. Artzaina, ordea, Arraten egitearen aldekoa omen zen, baina Azitainen ekin zioten eraikitzeari. Guztien harridurarako, egunez lanerako erabiltzen zituzten tresnak gauez norbaitek Arratera eramaten zituen. Euskal Herrian oso zabaldua dago elizgintzan ari zirenei materialak beste toki batera aldatzearen kondaira.

Bestalde, Arraten sortutako eibartarrak Arratera doaz bikote-lagun bila. Ohitura zaharra da senarra* edo emaztea* aurkitzeko Arrateko gurutzeari hiru buelta ematea, kredoa errezatzen den bitartean.

Arrateko folklorea aberatsa izan da. Bertako erromeriek entzute handia zuten Bizkaian eta Gipuzkoan eta dantza propioak era bazituen, gaur egun Kezka taldeak arrakastaz berreskuratu dituenak.

Polikarpo Larrañaga zenak Euskal-Esnaleako "Itzaldiak" liburuxkaren 125/129. orrialdean argitaratu zuen Arrateri buruzko kanta zaharren bilduma osatuena, 1926an. Koplak XVI. mende ingurukoak dira eta doinuaren eta letraren aldaera eta bertsio ugari gorde dira.

Gu Hiru Trukuren bertsio polit honekin agurtzen zaituztegu, Eibarrek beste 675 bat urtez indarrez eta osasuntsu eutsiko dion esperantzan: Arrateko zelaiko bai floridadia, handitxik gora dago zerura bidia...

Gaztaiñerre

Egun hau Ermua, Eibar eta Plaentzian Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen da. Egunari buruz beti egon dira zalantzak eta eztabaidak. Batzuen ustez Domu Santu egunetik bigarren astelehena behar zuen izan eta beste batzuen ustez Arimen egunetik hurrengo astelehena, eta baziren Arimen egunetik hirugarren astelehena zela uste zutenak ere, eta beste batzuek, berriz, duda horiek kontuan hartuta, azaroko astelehen guztietan ospatu behar zela zioten.

Antzina familiek etxean ospatzen zuten, inoiz familia bat baino gehiago bilduz. Baina aspaldiko urteetan lagunarteko afari-meriendak izaten dira. Afari hori goizago samar hasten da eta lehenbiziko plater nagusitzat barraskiloak saltsan edo txorizo errea jaten da; eta azkenean gaztaina erreak. Eta hortik datorkio izena. Urte batzuetan Astelena frontoian ere antolatu zen dantza. Gehienetan lagun artean ospatzen den jaia da eta lehen gizonezkoek soilik ospatzen zuten.

Gaztaiñerreak zergatik? Gaur egun basoetan gaztainondo gutxi bada ere, aspaldi batean ugaria zen arbola mota hori eta urtearen garai horretan jakirik ugariena eta merkeena zen gaztaina.

Ermua, Eibar eta Plaentzia herrietako nekazarien artean, “ondra-janak” egiten ziren. Domu Santu eta Arimen egunak aintzat hartuta, urtean behin egiten zen anaitasunezko otordua zen hildako guztien oroimenez.

Baina jatorriaren oroimena galdu bada ere, afari-merienda egiteko ohitura indartsu gordetzen da oraindik. Ikustekoak izaten dira egun horretan Eliza inguruko edo Toribio Etxeberria kaleko gaztaina-postuetan egoten diren jende-ilarak.

San Andresak

Herriko patroiaren jaiak izan dira denboraren poderioz gehien aldatu direnak. Orain dela 60 urte inguru danborrada Sanandresetan izaten zen, baina gero, urte-sasoi horretarako eguraldia zela-eta, Sanjuanetara pasatu zen. 80ko hamarkadan, jaiek nekazaritzaren ildoa hartu zuten eta gaur egun ezagutzen dugun azoka hasi zen antolatzen, hasiera batean bertako baserritarren produktuekin egiten zena eta urteek aurrera egin ahala indarra hartzen joan dena.

Danborrada, San Andres 1962

Gabonak

Gabonetako ohiturak ere asko aldatu dira sasoi batetik hona. Jatekoak eta edatekoak ugari izaten dira gaur egun, eta ez dago tradizio edo ohitura bakar bat. Lehen ere ondo jaten zen egun horietan baina menua bereziagoa izaten zen. Julian Etxebarria Orunak, esaterako, hauxe diosku: olio-aza jaten zen, bakailaoa eta intxaur-saltsa.

Kantuak ere ez ziren falta izaten eta Felisa Pascual Ucinek, esaterako, haietako batzuk kantatzen ditu.

Urteberri egunean batzuek goizean goiz Urkora joateko ohitura dute. Lehen ere hala egiten zutela kontatzen digu Luciana Larreategui Arizagak.

Dokumentuaren akzioak