Eibarko Klub Deportiboak, gure herriko elkarterik zaharrenak, 100 urte betetzen ditu gaur
Eibarko Klub Deportiboa 1924ko urtarrilaren 30ean jaio zen, Candido Arrizabalaga Apotxianok gidatutako batzarrean, elkarte berria atletismoa, txirrindularitza eta alpinismoarekiko zaletasuna pizteko sortu zela adieraziz. Club Deportivo de Eibar izena jarri zioten elkarte sortu berriari eta erregelamendua ere onartu zen. Izenari dagokionez, erabakia aspaldi hartuta bazegoen ere, 2023ko martxoan egindako Batzarrean, euskaraz “Eibarko Klub Deportiboa” idaztea berretsi zuten kideek. Jaiotzatik bertatik erakutsi zuen herriko jendearen jakin-mina asetzeko asmoa eta kirolean aritzeko prestakuntzaren garrantzia, horretarako propio hitzaldiak antolatuz “a cargo de reputados médicos y distinguidos deportistas”.
Hasierako garai haietan emakumeek ez zuten bazkide izateko aukerarik, baina 1933an Estatutuak aldatu egin zituzten eta horrela heldu ziren urte hartan emakume bi zuzendaritza-taldera. “Eibarko Klub Deportiboak zeresan eta zerikusi handia izan zuen “Federación Vasco Navarra de Alpinismo”ren sorreran; horixe da-eta elkarte honen beste ezaugarrietako bat: beste erakunde, elkarte eta taldeekiko duen hartu-emana eta elkarlana. Historian zehar, Eibarko Klub Deportiboak entitate askorekin batera jardun du lanean, elkar hartuta eta indarrak batuta, hainbat proiektu eta asmo aurrera eramateko. Espeleologian, ikerketa-lan asko egin ditu —batzuetan Aranzadirekin kolaborazioan— inguruko mendietako topografia- eta erregistro-lanak egiten, kobazuloak miatzen, esplorazioetan, sistema karstikoaren ikerketan, eta aurkikuntza zenbaitetan; udalentzat ere lan asko egin du uren inguruko ikerketa-lanak egiten.
Kulturaren alorra hasiera-hasieratik zuen jomuga, eta elkartearen sorreratik hasi zen Liburutegia sortzen, elkartekideen jakintza-maila sendotu nahian, irakurtzeko txokoa prestatuz eta liburu-mailegu zerbitzua eskainiz. Sasoi batean esperantoa erakusten zen Deportiboko bulegoetan bertan, eta jende helduarentzako euskara-klaseak eskaintzen ziren. 60ko hamarkadan, Arrate Kultur Elkartearekin batera, “Euskal Jaia”ren antolakuntzan jardun zuen, karrozak prestatzen, Eibarrera kanpotik makina bat dantza-talde etorri eta, herriko elkarte gastronomikoekin batera, haiei bazkariak eman eta herriko etxeetan banatzen zirenean. Sasoi hartan 200 txistulari eta 600 dantzari inguru zituen Deportiboko Kezka taldeak. Gaur egun, Eibarko hainbat ekimenetan parte hartzen duen taldea eta herriko ume eta nagusi askoren dantza-eskola izateaz gain, herriaren enbaxadore eta ohitura zaharrak zeharo berriztu dituen taldea dugu: Aratosteetako Koko-Dantzak edo Arrateko Amaren Dantzak horren adibide.
Argazkilaritza taldeak ere ibilbide luzea eta oparoa egin du mundu horretara hurbildu nahi duen edozein herritarrentzat maila guztietako ikastaroak eskainiz, erakusketak prestatuz eta antolatuz eta Udalak antolatzen duen Indalezio Ojanguren mundu mailako argazki-lehiaketan eta beste hainbat gauzatan laguntza tekniko osoa emanez.
Xake-taldeak Eibarko Hiria Jose Mari Kruzeta Memoriala Xake Lehiaketa antolatzen du arrakasta handiz eta xake-txapelketa askotan hartzen dute parte herriko xakelariek, baina herriko gaztetxoenei begira egindako garrantzizko beste lan bat ere badu: Xake-Eskola Lehen Hezkuntzako 5. mailara arteko ikasleentzat.
Pilotak ere betidanik izan du presentzia Klub Deportiboaren bizitzan eta gaur egun ere bizi-bizi jarraitzen du pilota-jokoaren sustapenean, txikienetatik hasita, edade guztietako 50 neska-mutil ari baitira Pilota Eskolan eta kirol horrekin lotutako beste hainbat jarduera antolatzen.
Klub Deportiboa gerra aurrean, 1930ean, hasi zen boletina kaleratzen, eta 1964an, Klubak 40 urte bete zituenean, Kezka aldizkaria argitaratu zuen lehen aldiz aldizkari gisa. Hasiera batean sei hilabeteko aldizkari bat zena urtekari bihurtu zen, 1975eko urtarrilean azken alea, 13. zenbakia, argitaratu zen arte. Handik urte batzuetara, beste edizio bat izan zuen 1989 eta 2001 bitartean. Aldizkari horiek ondo islatzen dute klub barruan egindako lana eta gizarteak une bakoitzean zeuzkan kezkak.
Deportiboko Mendi Batzordeak herriaren onerako gauza asko egin ditu mende honetan zehar Mendi Federazioarekin batera: inguruko mendietan iturriak eraiki zituen (Urkoko barrankoan, Kalamuara bidean, Karakaten,...); mendi-bideak markatu eta planifikatu, baita garbitu ere. Babeslekuak edo errefugioak ere egin eta gestionatu izan ditu: Urrakiko Zuloagatarren errefugioa, Kalamuako eta Arrateko bide ondoko errefugioak, sasoi batean garrantzia handikoak, eguraldi txarretik babesteko. Eibarko Udalak ere talde horri zor dio gure herriko mugarri historikoak ikertu, bistaratu eta ezagutaraztea. Bada beste alderdi bat, gutxien ezagutzen dena eta benetan nabarmentzekoa, erreskateena: eibartarren batek edo inguruko beste herritarren batek istripu bat izan duenean, mendian bateren bat galdu edo erori izan denean, klubak beti bidali izan du mendizale-talde bat erreskatean parte hartzeko inguruko mendietara (Atxarte, Udalatx..), eta, sarri askotan Picos de Europara eta Pirinioetara. Urpekaritza taldeak ere makina bat erreskate-lan egin ditu, errekan izandako ezbeharretan, material eta pertsonal teknikoa jarriz, sarri askotan, Ondarruko buzoekin arituz, eta hondamendiren bat gertatu denean, laguntza teknikoa eskainiz. Errekak eta itsas-ertzak garbitzen ere sarritan aritzen dira, jendea bilduta.
Mendi-irteerak betidanik antolatu izan ditu adineko jendearentzat eta umeentzat, eta nagusiena ezagunagoa bada ere, herri mailan umeentzat prestatzen denak berebiziko garrantzia du umeen sozializazioan eta integrazioan.
Atletismoa izan zen Klubaren sorrerako hiru hanketako bat (mendiarekin eta txirrindularitzarekin batera), eta gerra aurretik hasita eibartar asko eta asko izan dira kirol horretan jardun izan dutenak, gizonak nahiz emakumeak, eta hainbat lehiaketa eta txapelketatan parte hartzeaz gain, herriko kaleetan bertan egiten diren lasterketa herrikoiak bultzatu dira, eta besteak, beste, kluben arteko olinpiadak edo urte amaierako San Silbestrea antolatuz. Memorial Eulogio Echeverría, Bolumburu saria edo Simon Aldazabal lasterketa ditugu Klubak antolatu izan dituen eta antolatzen dituen ekitaldi horietako batzuk.
Txirrindularitza izango da, ziurrenik, Klub Deportiboak jorratu duen kirol-alorrik ezagunena jende ororentzat, ez bakarrik Eibarren, baita mugaz haraindi ere. Gerra aurretik, 1924an bertan, Pedalaren Eguna antolatu zuen, jendartean sekulako arrakasta izan zuen ekitaldia. Arrateko Igoera, San Juan Saria edo Mardaras Saria ditugu Klubak antolatu dituen proba batzuk. Espainiako Ziklo-kros txapelketa ere urte askoan antolatu zuen Eibarko kaleetan zehar. Arrateko Igoerak sekulako eragina izan zuen herri mailan, alde batetik, herritar askok hartzen zutelako parte antolakuntza-lanean, ez bakarrik Klubekoak; eta, bestetik, herrian inpaktu ekonomikoa eragiteaz gain, mundu mailako oihartzuna lortu zuelako, harik eta 1980an Klub Ziklistaren “Eibarko Bizikleta” eta “Arrateko Igoera” batu eta mundu mailako kategoriako lasterketa bakarra antolatzen hasi arte (Euskal Bizikleta), gaur egun Euskal Herriko Itzulia bilakatu dena. Kirol honetan, beti ibili da beste elkarte batzuekin hartu-emanean eta elkarlanean. Txirrindularitza eskola 1996tik aurrera jarri zuen martxan, maila guztietan, lasterketa-antolatze hutsetik aldendu eta gazteak kirol horretan ari zitezen. Ibilbide emankorra izan du, afizionatu taldetik 10 txirrindulari pasatu direlako profesional mailara. Urte hartan bertan, ziklo-kross taldea ere hasi zen eta, 2005ean, emakumeen taldea, junior eta elite mailan, Italiako Giroan, Frantziako Tourrean eta Munduko Kopako probetan partu hartu eta, emakumeak izateagatik, hainbat langa gainditu izan behar izan zituena.
Zaila da Eibarko Klub Deportiboaren 100 urteak laburbiltzea; zaila da benetan historian zehar horrenbeste jende eta ekintza egin dituen talde baten ibilbidea lerro batzuetan jasotzea. Atzo, 100. urtearen bezperan, Gipuzkoako elkarte handienetakoak argiz eta jendez piztu zuen herritik Urko tontorrerako bidea eta, beste behin ere, agerian geratu zen eibartarrek Klubari dioten txera.
Dokumentuaren akzioak