Eibarko Udal Artxiboa eta Itzio herri-ikastetxea elkarlanean
Mano Negra erakundeak bidalitako mehaxu-kartaren zati bat (AME-EUA)
Ikastetxe horrek “Herri ondarea eta kultura zaintzeko eta berreskuratzeko tailerra” du bere programazio barruan eta hortxe dago txertatuta ekimen hau. Urtarrilaren 27an izango da hurrengo saioa.
Oraingo honetan, ikasleek euren trebetasun guztia eta historiari buruz dakitena erakutsi beharko dute 1883ko martxoaren 14ko dokumentu bat irakurri eta transkribatuta, "Pliego de amenazas de la Mano Negra" izeneko agiria. Karta luze bat dugu, Mano Negra erakundeko kideek Josefa Bascaran alargunari bidalitako mehatxu-karta, alargunak bere bizia, bere seme-alabena, eta zituen ondasun guztiak salbatu nahi bazituen, 30.000 erreal ordaindu behar zituela esaten egindakoa.
Historiagile batzuk zalantzan jartzen dute Andaluzia aldean jardun zuen isilpeko erakunde anarkista hori existitu zenik; beti lotu zaio langileen eta nekazarien mugimenduari, eta, itxura denez, sustraiak —halakorik izatekotan— Italiako Camorran eta Mafian zituen. Mano Negra izena bera ere, lur-jabe handienen sektore batzuk nekazari elkarte iraultzaileei ematen zieten izena izaten omen zen.
Ikasleek agiria irakurri, transkribatu eta laburtu egin beharko dute, eta testuan bertan islatzen diren kontzeptu jakin batzuei buruzko galdetegi bati erantzun.
Dokumentuaren akzioak