Eibarko Udal Artxiboa: itxita irailaren 15etik azaroaren 2ra arte.
Eibarko Udal Artxiboa bere lekura, udaletxera, bueltatzen denez, leku-aldaketaren lanak direla-eta itxita egongo da irailaren 15etik azaroaren 2ra bitartean. Beraz, denbora horretan ez da kontsultarik eta dokumentuen erreprodukzio edo kopiarik egingo.
Artxiboak 1350 ml ditu guztira (8000 kaxa inguru). Artxibo berriak 4 artxibo-leku izango ditu, administrazio bulego bi, 240 m2-ko kontsulta eta ikerketa gela, liburutegi txiki bat eta aldi baterako erakusketetarako 112,37 m2.
Eibarko Artxiboak 12 Fondo edo Funts nagusi hauek ditu: Udal Artxiboarenak bereak direnak, Castrillo-Ortuoste, David Arriola Bilduma; Gerrate Zibileko bilduma, Ramón Sarasua argazki-bilduma, Nuestra Señora de Arrate Klinikaren funtsa, Grabatu Eskolakoa, Obra eta Hirigintzakoa, Toribio Etxebarria Funtsa, Indalecio Ojanguren bilduma, Heraclio Echeverria bilduma eta Ahozko Artxiboa.
Eibarko Udal Artxiboaren historia:
Historia instituzionala
San Andrés de Eibar herri zaharraren fundazio ofiziala, Gaztelako Alfonso XI. erregeak 1346ko otsailaren 5ean emandako hiri-gutunetik dator. Ustekoa denez, dokumentu juridiko horretan herriko Kontzejuaren antolamendua ezarriko zen, lau kargu hautetsi hauekin osatua: Alkatea edo endorea, prokuradore sindikua, epaileak eta eskribaua; horiek ziren kontzejuaren gobernuaz arduratzen zirenak.
Hasiera batean, Kontzejuaren edo udalaren bilkurak kalean bertan izaten ziren, San Andres elizaren arkupeetan edo Ibarra de Suso etxetik gertu, Ibargain izenez ezagunagoa duguna. Ostera, XVI. mendeak aurrera egin ahala, bilera horiek ere leku itxietan egiten hasi ziren, zehazkiago, herriko ospitale zaharraren gela edo areto batean.
Kontzejuak edo udalak ez zuen izan bere bilkuretarako eta lanerako propio egindako eraikinik XVII. mendera arte; orduan egokitu zen Portaleko dorrea edo Amarrenengua izeneko eraikina. Dorreak su hartu zuen Komentzioko tropek 1794an herriari su eman ziotenean; horren ondorioz, Plaza Nueva zaharrean (gaur egun, Plaza Barria) edo Konstituziokoan udaletxe berri bat egitea erabaki zen. Ia ehun urte beranduago, 1899an, udaletxea beste leku batera eramatea erabaki zuen udalak, Untzagara alegia, eta eraikinaren planoak Ramón Cortazar arkitekto donostiarrari enkargatu zitzaizkion. 1901ean inauguratu zen.
Harrez geroztik -1997tik 2003ra izan ezik, urte horietan udaletxea berriztatzeko obrak egin baitziren- udala beti egon da Untzaga plazan. Jatorrizko antolamendu hura, kontzeju ireki edo unibertsitate legez, garatzen joan zen denborak aurrera egin ahala, eta esparru gehiago hartzen joan zen gobernu arduretan: legeak egin, epailetza bere gain hartu, betekizun administratiboak, sozialak eta ekonomikoak bereganatzen joan, toki ogasuna edo hazienda kudeatu.
1931n, Eibar, Madrilgo Gacetan argitaratutako Dekretuz "Hiri guztiz eredugarri" izendatua izan zen; izen hori, 1981eko urriaren 6an Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailaren 117/81 dekretuz berreskuratu zuen.
Artxiboaren historia
Herriko artxiboaren inguruko lehenengo albistea 1548ko akta batean aurkitzen da, sarraila biko kontzejuaren arka edo kutxa aipatzen duena; arka hor San Andres elizako lokal baten gordetzen zen eta kontzejuaren eskriturak eta pribilegioak zituen barruan gordeta. 1597an auzi zibil bat izan zen Juan Loyolaren -herriko sindikua- eta Juan Sumendiaga eta Jacobe Carranzaren artean -aurrena, alkate izandakoa eta bigarrena, herriko fiela izandakoa- eta artxibotik atera ziren bost eskritura itzultzeko agindua eman zitzaien.
1650eko urtarrilaren 6an, Miguel Zumaranek zilar-kobreko 100 errial jaso zituen Domingo Ernizqueta herriko sindikuaren eskutik kontzejuaren paperak gordetzeko hiru giltza, hiru serraila, hiru bisagra, lau zoko-altzari eta 150 iltzeko kutxa egin dezan. Handik mende batera, sakristiaren artxiboan diru batzuk jartzeko eman zen aginduaren bidez jakin dezakegunez, artxiboa zaintzeko ardura alkateari, erregidore nagusiari eta eskribauari zegokien, eta bakoitzak zuen giltza bana. Artxiboaren antolamenduari dagokionez, 1782tik 1845era horren inguruan hartutako erabakiak daude jasota. 1865ean, idazkariak, otsailaren 3ko dekretuz dokumentuei buruz zituen ahalmenen arabera, udal idazkaritzan zeuden dokumentu eta paperen inbentarioa egin zuen. Handik hiru urtera, 1868an, udalak -aurretik antolatuta eta inbentarioa eginda- Errege Agindu batek zioena betez, herriko protokoloak, dokumentuak eta eskribautzako paper guztiak entregatu zizkion Eibarko notaritzaren titularrari.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1876ko martxoaren 20an emandako 20. zenbakiko zirkularrak zioena betez, Idazkaritzan eta Udal Artxiboan zeuden "dokumentuen, paperen eta akta-liburuen inbentarioa" egin zen urte bereko martxoaren 28an. 1902ko udan, Serapio Múgicak, Gipuzkoako Udal Artxiboen inspektoreak edo ikuskariak, José Antonio Lesarri udal idazkariaren deia jaso zuen, Udal Artxiboaren antolamenduaz aginduak edo eginbeharrekoak eman ziezazkion. Orduan ezarri zen Funtsak Sailkatzeko Koadroa, inspektoreak sortutakoa; aldaketa batzuk egin zitzaizkion Hazienda eta Obra atalean, Erremateetakoan, lehiaketa eta enkanteetan eta Bestelako funtsetan.
1916ko urriaren 1ean, Bernardo Las Heras Borobia jabetu zen artxibozain-liburuzain plazaz; 1937ko apirilean eten egin zuten bere lana eta 1937ko abenduaren 1ean bueltatu zen. 1950ean plaza hura amortizatu egin zen eta udal idazkariak hartu zuen Artxiboaren ardura.
1990ean sortu zen berriro artxibozain plaza. Orduz geroztik bulegoetako artxiboen transferentziak antolatu dira eta Madrileko Artxibozain Taldearen Funtsen Sailkapenerako Koadroa hartu da eredutzat.
Dokumentuaren akzioak