Eibarrek berrikuntza foro bat jarri du martxan; lehenengo saioan, gaurkoan, lana sustatzeko proposamenak landuko dira
Eibarko Udalak aste honetan “berrikuntza foro” bat jarriko du martxan, hiriaren erronken inguruko eztabaida eta elkarrizketa sustatzeko. Ekimena udaleko Ekonomia Garapen, Berrikuntza eta Enplegu sailak bultzatu du. Foro bat izango da, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, garapen ekonomikoari lotutako elkarteek, heziketa zentroek, sindikatuek, zenbait enpresa esanguratsuk edo zerikusia duten udal-sailetako arduradunek.
Saioen helburu nagusia lana sustatzeko proposamenak sortzea izango da, eta antolatzaileen asmoa egitura honen funtzionamendua egonkorra izatea bada ere, jorratzen diren gaien arabera, bertan parte hartuko duten pertsona eta elkarteak alda daitezke.
Foroaren lehenengo topaketak hiru saio izango ditu, uztail honetan denak ere. Antolatzaileek uste dute foro bat formula egokiena dela guztion intereseko diren kontuez eztabaidatzeko; horrela, elkarrizketa aberasgarria sortzeko eta onuragarriak izango diren ondorioak ateratzeko asmoz, Izinker enpresa izango da bertan, saioak dinamizatuko dituena. Azken dokumentua lan-plana eratzeko oinarria izango da.
Bi talde osatuko dira, hamazortzi pertsonakoa bakoitza, dinamikak eraginkorrak izan daitezen eta parte hartzaileek goizeko edo arratsaldeko ordutegia aukeratzeko aukera izan dezaten. Talde bakoitza hiru saiotan bilduko da, hiru ordukoa bakoitza.
Lehenengo saioan egoeraren analisia egingo da, erronka formulatuko da eta alternatibak sortuko dira. Bigarren saioan taldeko ideien sorrera landuko da, sormen-tekniketan oinarrituta, eta alternatiben balorazio bat egingo da. Lehenengo bi saioak egindakoan, hirugarren jardunaldi bat egingo da, eta bertan, bi taldeak batuko ditugu egindakoa bateratu eta garatuko zein ekintza aratuko diren erabakitzeko.
Dokumentuaren akzioak