Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibartarren Ahotan: herriaren historiarako sei lekukotasun handi.

2009/02/20
Hemendik aurrera, sarean izango dira gure herriko historiaren sei lekuko haundi hauek: Miguel Gallastegui, Andres Prieto, Jose Ocamica, Dunixi Murua, Jose Muñoa eta Juana Zugasti.

Jose Ocamica

Eibarko historiaren lekukoak ditugu; baina baita sasoi bateko eibartarren bizimoduarenak ere: Miguel Gallastegui, Andres Prieto, Jose Ocamica, Dunixi Murua, Jose Muñoa eta Juana Zugasti.

Miguel Gallastegui pilotariak bere bizitzaren pasarterik interesgarrienak kontatzen ditu: Asolaigartza baserria eta antzinako Eibar, umetako kontuak, nolatan hasi zen pilotan jokatzen , Amuategi bataloian egon zen sasoia eta gerratea, enpresa-gizon legez bizi guztian egin duen lana (Amaya antzokiaren sorrera, hango sozioak, kontratuak), herriko aizkolariak (Luxia), 1960ko bertso jaialdia, gerra aurreko frontoiak, pilota txapelketak, pilotariak eta herriko giroa. Jose Ocamica, “Errusiako ume” haietako bat dugu, Italian jaio arren familia Eibarrera etorri zen, eta gerratean, beste ume askorekin batera, Errusiara eraman zuten; exilioa, hango heziketa, beharra eta Errusian zeramaten bizimodua azaltzen dizkigu; Eibarrera familiarekin bueltatu zeneko hura eta, errusierazko itzultzaile bezala lana bilatuta, herrian osatu zuten “rusoen koadrila”. Jose Muñoaren ahotik entzungo ditugu Eibarko Batzoki zaharraren kontuak, Hotel Julianen historia, Eibarko bertso zaharrak, Muñoatarren gasolindegia, Eibarko lehenengo autobusak (Katxonekuak). Andres Prietok gerratea dakarkigu gogora, Eibarko frentea, jasan zuen heriotz zigorra eta ondorengo heriotza-barkamena, ihesa eta exilioa. Dunixi Muruak bere lanbidearen xehetasunak damaizkigu: damaskinatzaileen tresneria edo trepetxuak eta berbak, dibujo maisuak, berak egindako lanak, Dibujo Eskola eta damaskinatugintzaren maisuak. Juana Zugastiri esker Errepublika garaiko Eibarko herriko eskolen berri izango dugu; baita Aldatzeko eskola eta Aldatzeko "Madre Loiola"ren kontuak ere; gogoan du Eugenio Urroz abadearen lana eta Eibarko beste abade batzuena, Mercedes Kareagaren lana eta Acción Católicarena.

Dokumentuaren akzioak