Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibartarren Ahotan zaharberritua

2016/10/21
Eibartarren Ahotan proiektua 1999. urtean sortu zuen Ego Ibarra batzordeak. Gure herriko historia eta etnografia sakonean aztertzeko helburuz jaio zen proiektua, Eibarko memoriaren, historia hurbilaren eta ondare kulturalaren berreskurapenean beste pauso bat emanez, oroimenik ez duen herriak ez duela aurrerabiderik dioen hatsarre zahar hura gogoan edukiz.

Argazkia: Pedro Irusta

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso zuen 2000-2002 bitartean (13.000.000 pezeta), eta tarte horretan egin ziren elkarrizketarik gehienak. 250 eibartar baino gehiago elkarrizketatu ziren, eta jasotako material guztia katalogatu, etiketatu eta gorde zen.

Azken batean, proiektu honen erronka da, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen Eibarko bizimoduaren ñabardurak eta alderdi ezberdinak zehatz-mehatz jasotzea protagonisten ahotan, eta ondorengoei ahots horiek batuko dituen ikus-entzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

 

Eta horretan aitzindari izan dira Eibartarren Ahotan proiektua, Ego Ibarra Batzordea eta Eibarko Udala. Azken 15 urteotan egin diren beste hainbat egitasmoren muinean dago proiektu honek ezarritako filosofia eta lan moldea.

Eibartarren Ahotan proiektuaren lehenengo bertsioa 2003an argitaratu zen, baina harrezkero ere proiektuak bizirik jarraitu du, elkarrizketa gehiago eginez eta materiala katalogatuz.

Urte hauetan ondorengo materiala batu da Eibarko Udal Artxiboan gordeta dagoen Eibartarren Ahotan bilduman:

  • 400 elkarrizketa inguru.
  •   150 zinta minutuka etiketatuta eta katalogatuta (guztira, 3.000 pasarte baino gehiago).
  •   500 pasarte transkribatuta eta beste 500 bideo-pasarte online ikusgai.


Azken urtean, azpiegitura teknikoa hobetzeko lanak egin dira. 2003. urtean ezarritako azpiegitura egokitu eta eguneratu da, gaur egungo behar eta ezaugarri tekniko berrietara egokituz. Azpiegitura berri hori da oraingo honetan aurkezten duguna. Lehengo edukiarekin, baina itxuraz eta (batez ere) teknikoki hobetuta.

Berrikuntza hauei esker, Eibarko ahozko ondarea errazago eta erosoago kontsultatu ahal izango dute erabiltzaileek, egindako aldaketei eta gehitutako erraztasunei esker.

Dena dela, orain aurkezten diren berrikuntza hauek proiektuaren beste urrats bat besterik ez dira, etenik ez duen egitasmo honen baitan dagoen urratsa. Epe laburrera, elkarrizketa berriak egiteko asmoa dago, eta baita materiala katalogatzen eta hedatzen jarraitzea ere. Herritarrak baitira proiektu honen protagonista nagusiak.

Hemen daukazu proiektua osorik

Dokumentuaren akzioak