Ekitaldiz betetako 59. Euskal Jaia izango da asteburu honetan Eibarko Klub Deportiboaren mendeurrenean
Maiatzaren 10eko entseguko argazkia. Argazkia: Oier Araolaza. Kezka Dantza Taldea
Herritarrek dantzan jardungo dute Euskal Jaian Deportiboaren mendeurrena ospatzeko, Kezkaren ardurapean urte hasieratik dantza-entseguak egin eta gero. Iribasko ingurutxoa, Imotz eta dantza-soltean arituko dira herriko 250 pertsonatik gora.
Hauxe da Kezkak ekitaldiaren inguruan adierazi duena: “Dantzaren funtzioetako bat herrikideak batu eta dantzaren plazera elkarrekin partekatuz komunitatea jostea dela diote adituek. Eibarko Klub Deportiboaren 100. urteurrena ospatzeko Eibarren inoiz dantzan aritutako guztiei zabaldu genien gonbidapena elkarrekin dantzan aritu eta plazaratzeko. Entseguetan bizi izan dugun giroa, ilusioa eta elkarrekin dantza egitearen poza ikusita, dantza antropologoei arrazoia eman beharrean gaude. Herrikideak elkarrekin dantzan arituta, komunitatea egin eta trinkotzen dela sentitu dugu entsegutik entsegura.
Dantzariak dantzarako prestatzen aritu badira, txistulariek ere tresnak puntuan jartzeko gonbidapena izan dute eta garai bateko eta gaur egungo txistulariak entsegutan aritu dira aurtengo Euskal Jaian kaleak inoiz baino gehiago txistu soinuz betetzeko. Larunbatean eguerdi partean txistulari talde ederra kalez kale ibiliko da eta igandean Euskal Jaiko kalejira nagusian parte hartuko dute.
Kezka dantza taldearen historian garrantzia berezia izan duen errepertorioa hautatu dugu elkarrekin lantzeko eta dantzatzeko: Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza. Biak Nafarroako dantzak dira eta biak Donostiako Argia dantzari taldeak bildu eta ezagutzera eman zizkienak Euskal Herri osoko dantza taldeei. 1968. urtean Iribasen Juan Bautista Lasarterekin ikasi zuten ingurutxoa Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik.
Argiarekin egiten zituzten emanaldietan Iribasko ingurutxoaren ondotik Imotzeko esku-dantza egiten zuten. Dantza taldeek biak lotuta jaso bazituzten ere, elkarrekin emate hori Urbeltzen eta Arregiren ekarpena izan zen. Eta ez hori bakarrik, Imotzeko esku-dantza bera Argiakoek egindako birsortze lana izan zen.
Iribasko ingurutxoa eta Imotz-eko esku-dantzak berehalako arrakasta izan zuen herri askotan, baita Eibarren ere. 1970eko hamarkada hasieran Kezka dantza taldeko emanaldietan eskaintzen hasi ziren eta 1974an, Eibarko Klub Deportiboaren 50. urteurrenean Arraten eskainitako dantza-saioan dantzatu zen. Hortik aurrera Kezka dantza taldearen emanaldietan dantza kuttuna izan da.
Eibarko dantzaren historian azken 50 urteotan hainbat une berezitan plazaratu dira Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza, eta beraz, Eibarko dantzarientzat esanahi berezia hartu duen errepertorioa da. Horrela, Eibarko Euskal Jaiaren 50. urteurrenean ere Iribasko ingurutxoa eta Imotzeko esku-dantza elkarrekin dantza egitera plazaratu ziren 150 bikote.”
2024ko Euskal Jairako, eta Eibarko Klub Deportiboaren 100. urteurrenaren ospakizunetan, 100 bikote baietz erronka bota zuten Kezkakoek eta berehala ohartu ziren erraz bilduko zutela kopuru hori. Maiatzaren 26an 250 pertsonatik gora aterako dira elkarrekin dantzara Untzaga plazan.
Dokumentuaren akzioak