Elena Barrena Osoro historialari eibartarrak “Eibar y los caminos medievales” izeneko hitzaldia emango du urriaren 28an, Azitaingo elizan, 19:30ean
XVIII. mendeko grabatu baten zatia, Azitain aldea. San Telmo museoa (Julen Zabaletak egindako kopia).
Elena Barrena Historia katedradun eibartarrak La formación histórica de Guipúzcoa doktorego-tesia egin zuen eta, beste lan batzuen artean, aipatzekoa da haren Gipuzkoako komunikabideen historia: antzinaroa eta ertaroa lana.
Azitainen eskainiko duen hitzaldiari buruz egin duen erreseinan hauxe diosku: “Zentzunagatik besterik ez bada, zaila da irudikatzea historiako mila urtez errege-erreginak, apaizak, gerrak eta basakeria beste edukirik ez dela izan. Besterik gabe, halako gizarte bat desagertu egingo zen. Eta dokumentu-aipamenik ez egoteak zer esan nahi du, ez zegoela inor? Agian, esan nahi du kultura idatzitik urrun bizi diren gizarteak zirela haiek, eta ezagutzak, esperientziak, sinesmenak eta tradizioak ahoz aho transmititzen zirela, belaunaldiz belaunaldi.
Gaur egun, Erdi Aroaz dakigunarekin —bai Europako esparruan bai Euskal Herrikoan, eta Gipuzkoakoan, zehatzago— aldatzen ari da irudi "tradizional" hori. Irudi ilun horren aurrean, panoramika bat zabaltzen ari da, zeinean 1000. urtetik aurrera eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoek bidea egiten hasten diren, eta erritmo nabarmena hartzen Behe Erdi Aroko mendeetan.
Elena Barrenak emango duen hitzaldia urriaren 28an izango da, Azitaingo elizan, 19:30ean. Eibartik Eibarrera hitzaldi-zikloko azkena izango da.
Gipuzkoari begiratzen badiogu, eraldaketa horien fruitu izango da, hain zuzen, Eibar bezalako hiribilduen fundazioa; eta, hiri horiekin batera, bide-sare bat ezarri eta antolatu zen, lurralde guztia saretu eta komunikatzen zuena.
Baina Eibar hiriaren fundazioaren aurretik, non bizi ziren gerora “eibartar" izango ziren gizon eta emakume haiek? Zein zen beren bizimodua eta zer bidetatik ibiltzen ziren? Galdera horiexei erantzuten saiatuko gara modu eskematikoan topagune honetan, nahiz eta puntuetako askotan modu hipotetikoan aritu behar izan.
Horretarako, ditugun erreferentzia dokumentalak urriak dira, oso urriak ez esatearren. Baina erreferentzia horiek kokatzen baditugu Kantauri aldeko euskal lurraldeen Erdi Aroko bilakaera historikoan, zentzu osoa hartzen dute. Horrela, hemen aurkeztuko duguna da egun Eibar bezala ezagutzen dugun ingurunetik eta bide hauetatik ibili eta bizi izan ziren gizarteen atzerabegirako bat.
Atzerabegirakoa Markinako Bailaran hasiko da, San Andrés Monastegitik eta Val de Egoko burdinoletatik igaro eta Villanueva de San Andrés de Eibarreraino iritsiko da.”
Hiriaren 675. urteurrena dela eta antolatutako Eibartik Eibarrera hitzaldi-zikloa amaitzeko, Barrena irakasleak gure herriko lekurik zaharrenetako batean, Azitaingo ermitan, iraganari botako dion begiradaren lekuko izateko aukera paregabea.
Dokumentuaren akzioak