Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Errepublikanismoa Gipuzkoan: Eibarko Paktu Federaletik (1869) Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapenera (1931) hitzaldia apirilaren 21ean, Coliseoan

2021/04/15
Unai Belaustegi EHUko irakaslea euskaraz arituko da errepublikanismoaren bilakabideaz eta ibilbideaz.

Apirilaren 21eko hitzaldia: Eibarrek 675 urte, Errepublikak 90.

Hitzaldi honen bitartez, errepublikanismoaren historia luze-zabalaren inguruko zenbait pasarte landuko dira. Estatu mailan eta Euskal Herrian XIX. mendearen bigarren erdialdean nabarmendu zen kultura politiko berezi eta propioa izan zen errepublikanismoa, iraultza liberalen testuinguruan sortua eta garatua.

Euskal Herrian eta Gipuzkoan bertan, esan daiteke zortea daukagula, izan ere, errepublikanismoaren bilakaera ulertzeko gertaera garrantzitsu ugari nabarmendu baitziren, horietako batzuk Eibarren bertan. 

Hori dela eta, hasiera 1869ko ekainaren 23an jarri da, Eibarren Paktu Federala sinatu zen egunean, eta hitzaldiaren amaiera, aldiz, 1931ko apirilaren 14an, Alfontso XIII erregearen argazkia Eibarko udaletxetik erretiratu eta Galán kapitainaren argazkia jarri  eta Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zutenean.

XIX.mendearen erdialdeko testuingurua eta Espainiako Bigarren Errepublikaren atarian ezagutu zena oso ezberdinak izan ziren euren artean. 60 urteren zehar, errepublikanismoak bilakaera handia ezagutu zuen, besteak beste, Errepublika aldarrikatzen zuten horiek ere, errepublikanoak, testuinguruarekin batera asko aldatu zirelako.

Hitzaldian, denbora luze horretan, aldaketak nola eta zergatik gauzatu ziren aztertuko da, errepublikanismoaren gogoeta orokor batetik abiatuz. Gero, Eibar eta Eibarko errepublikanoak erreferentziatzat hartuta, Gipuzkoan eta Euskal Herrian urte askotan indar politiko erreferentea izan zen errepublikanismoaren gorabeherak aztertzen saiatuko da hizlaria, eta beste joera politikoekin errepublikanoek izan zituzten harremanak errepasatuko ditu, hala nola, monarkikoekin, tradizionalistekin, sozialistekin edota euskal nazionalistekin.

Unai Belaustegi, gaian aditua, Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923): bilakaera, sustraiak, gizarteratzea eta prosopografia nazioarteko doktoretza-tesiaren egilea da, euskaraz eta ingelesez egindako tesia, 2016an EHUren sari berezia jaso zuena.  2015ean, tesiaren lehendabiziko emaitza kaleratu zen (Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923).

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte