Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskadiren sorrera. 1936ko Autonomia Estatutua: aurrehistoria polemikoa eta amaiera gazi-gozoa

2021/03/11
Ludger Mees historialariak Eibarko Coliseoan emango duen hitzaldia martxoaren 18an izango da, 12:30ean, Aldatzeko ikasleentzat eta jende ororentzat.

Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedradunak emango duen hitzaldia Coliseoan izango da; beraz, Aldatze eskolak eskatutako gaia jorratuko du, bai ikasleen aurrean, bai hitzaldira joan nahi duen edozein herritarren aurrean. Horregatik,  hitzaldira joan nahi dutenek, gaurtik martxoaren 17ra arte,  mezu bat bidali beharko dute egoibarra@eibar.eus postara, pandemia dela-eta aretoaren aforoa mugatuta dagoelako.

Mees historialariak gaiaren inguruan egin duen erreseinan hauxe azpimarratu du: “Euskal partikulartasunak  Europa aldeko analisten arreta erakarri du XVIII. mendetik gutxienez. Haietako batzuek euskal lurraldeak bisitatu zituzten in situ ezagutu eta ikasteko zein zen partikulartasun horren adierazle deigarriena: euskal hizkuntza, euskara, alegia.  Bisitari haien iritzian, hizkuntza horrek egin zituen berezi euskaldunak, foru-autogobernuaren tradizio luze batekin batera.  Ez da harritzekoa hizkuntza izatea Euskal Herria deskribatzeko lehen toponimoa, euskal lurraldea definitzeko funtsezko elementua: Euskal Herria, edo, gaztelaniaz, euskal-hiztunen herria.”

“Euskaldunak, hizkuntza eta historia berberak lotzen bazituen ere, sekula ez ziren bizi izan estatu propio batean, hitzaren zentzu modernoan. Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaz beste aldeko bi lurraldeetako bakoitzak bere foru gobernuko instituzio propioak izan zituen, baina “zazpiak bat” aldarrikapena ez zen partekatutako egitura instituzional batean gauzatzera iritsi.  Euskal Herria errealitate kultural bat zen, baina ez politiko-administratiboa.”

“1936ko Autonomia Estatutuak tradizio hori goitik behera aldatu zuen, nahiz eta denbora gutxi iraun, eta bakarrik zazpi lurralde eusko-nafarretatik hirutan ezarri.  Euskadiren instituzionalizazioa ekarri zuen, Estatu espainiar errepublikarraren barruan autogobernu maila handia zuen erakunde politiko-administratibo gisa. Zentzu horretan esan daiteke 1936an jaio zela Euskadi.”

“Ponentziak gai hauek aztertuko ditu: Estatutuaren aurreko historia polemikoa II. Errepublikaren hasieratik, Gorteen onarpen berantiarra, Jose Antonio Aguirre lehendakariaren lehen Gobernuaren eraketa, haren gestioa Gerra Zibilean, eta autonomiaren indargabetzea frankisten garaipenaren ostean.  Amaieran gogoeta bat egingo da autogobernu-esperientzia haren legatuari buruz, erbestealdi gogorretik eta diktadura frankistatik hasi eta gaur eguneraino.”

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte