Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Foruak eta Karlistaldiak. Zer izan ziren? Zer eragin izan zuten Eibarren?

2024/02/27
Horiexek dira La Salle ikastetxean Gotzon Iparragirre Burgoa ikerlariak emango dituen hitzaldi bietan erantzungo dituen galderak

Karlos VII.a (erdian) bere Estatu Nagusiko kideekin eta soldaduekin Hirugarren Karlistaldian. Argazkia, seguruenik, Gaspard-Félix Tournachonek (Nadar) egin zuen eta 1880-1890 tarte horretan argitaratu zen karlisten propagandarako postal gisa. Argazkia: Wikimedia Commons

Gotzon Iparragirre ikerlariak egindako erreseinan zera dio: XIX. mendean, euskal lurraldeak astindu zituzten gatazka ugari ezagutu ziren, horietatik ezagunenak Karlistaldiak edo Karlistadak. Lehen Karlistaldia borroka dinastiko bat bezala hasi zen, Fernando VII.a hiltzean, bere alabak (Isabel) eta bere anaiak (Carlos) Espainiako tronuaren ondorengotza eskubideak aldarrikatu zituztenean. Baina, benetan, borroka dinastiko hutsa izan zen? Orduan, zergatik amaitu zen Bergarako besarkadarekin, “Bakea eta Foruak” lelopean? Baina, zer ziren Foruak eta zein da Karlistaldiekin eduki zuten zerikusia? Ba al dago Forurik gaur egun? Eta karlistarik?. Galdera horiei erantzungo die La Salle-Azitain ikastetxean eskainiko dituen hitzaldi bietan.

Gotzon Iparragirre Burgoa ondarrutarra aditua da karlismoan. Juan San Martin Bekaren II. edizioa berak irabazi zuen Debarroko oasi liberala. Aitzindarien bila. Eibar, 1766-1876 lanarekin. Antzinako erregimenaren krisia ikertu du bereziki, horren inguruan liburuak (Txano frigiarretik karlisten txapelera. Irun, 1789-1839…) eta hainbat artikulu idatziz.

Ikerlaria karlistaldien eta Foruen muina azaltzen ahaleginduko da, gertakari historiko horiek Eibarko herrian izan zuten eragina erakutsiz.

Dokumentuaren akzioak