Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gaur amaituko da azaroaren 9ko “Mugarriak, gure herriko historiaren lekuko mutu horiek” jardunaldirako izen-emate epea.

2017/10/30
Gerturatzen direnek udalerriko mugarrien bilakabidea eta kokapena ezagutzeko aukera izango dute.

Indalecio Ojanguren, 1916.

Sarrera historikoan Eibarko artxibariak udalerriak sortu zenetik izan dituen mugen bilakabideari buruzko errepaso labur bat egingo du; herriak bere jurisdikzio-guneari eusteko albo-herriekin izan zituen gorabehera eta gatazka etengabeak azalduko ditu. Eibarrek bere lurralde-mugak mantentzeari ematen zion garrantziaren lekukotza ederra dugu Artxiboak gordetzen duen 1493ko irailaren 2ko dokumentu hau: Nombramiento de amigables componedores entre los vecinos de la villa de Eynbar y Elgueta; dokumentuan, amaiera eman nahi zaie bi herrien arteko liskarrei, hamabost gizon ezagun, prestu eta ondradu izendatuz Elgoibar, Bergara, Soraluze, Arrasate eta Elorriokoak, auzian epaile inpartzial gisa joka dezaten.

Ondoren, Julian Etxeberriak, Periko Iriondok eta Angel Treviñok lagunduta —ikerketa egin zuten Klub Deportiboko Mendi Taldeko kideak hirurak—, azken urteetan ahaztuta egon diren mugarriak aurkitzeko eta identifikatzeko egindako lanaren berri emango du; dokumentazioari dagokionez, 1927 eta 1943 urteetako aktak izan zituzten oinarri. Horrekin, eta udalerriaren planoa erreferentzia gisa hartuta, mugarriak non egon zitezkeen kokatzen saiatu eta zer informazio jaso behar zuen mugarri bakoitzak zehaztu zuten: koordenadak, altitudea, argazkiak, harri mota, inskripzioak, lekuaren toponimoa, kontserbazioa… Hortik abiatuta, landa-lana egiten hasi ziren 2013ko martxoan eta urte osoa eman zuten mugarriak kokatzen eta bakoitzaren gaineko informazioa osatzen.

Azaroaren 9an, Eibarko Artxiboan egingo den ekitaldian gure herriaren aurpegi ikusezin bat ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Gaur amaitzen da izenak emateko epea. Izena emateko idatzi mezu bat helbidera. Gehienez, 30 pertsonantzako lekua dago.

Dokumentuaren akzioak