Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gerraostea eta herriaren berreraikuntza

2021/11/19
Ego ibaia estali egin zen espazio berriak lortzeko, eta gaur egun herriak duen fisionomia bitxia eratzen joan zen.

1937ko apirilaren 26an tropa nazionalak Eibarren sartu zirenean, herria erabat suntsituta zegoen jasandako bonbardaketen ondorioz. Eraikinen heren bat txikituta zegoen, eta apenas zegoen jenderik.  Estimatzen da zeuden 488 eraikinetatik 156 zeharo txikituta geratu zirela eta 101 partzialki. Poliki-poliki biztanle asko  bueltatzen hasi ziren, eta beste batzuek erbestea edo zigorra jasan behar izan zuten. Eta, ahal izan zuten moduan, berreraikuntza-lanekin hasi ziren.

1940ko irailean Joaquín Domínguez Eloseguik eta José Antonio Pontek (Regiones Devastadaseko arkitektoak)  Eibarko urbanizazio-plana egin zuten, eta jarraian Reconstrucción aldizkarian argitaratu. Plan berrian kalte gehien izan zuen hiriko erdigunean zentratu ziren, egitura urbanistiko zeharo berri bat proposatuz, aurrekoaren irregulartasuna desegokitzat baitzuten.
Instituzio publikoen zuzendaritza eta parte-hartzearekin (Regiones Devastadas, Udala, Obra Publikoetako Ministerioa, Obra Sindical del Hogar) hasi zen Eibarren berregitea, ezinbestekoa izan zen iniziatiba pribatuarekin batera. Izan ere, berreraikuntza hasi eta 1944 arte iniziatiba pribatuak 25 milioi pezeta baino gehiago gastatu zituen, eta 1949an 65 bat milioi; Regiones Devastadas-en inbertsioak, aldiz, 32 milioikoak ziren.

24.000 biztanleentzako hiri berri bat definitu nahi zen. Planak ezinbestekotzat zuen Ego ibaia estaltzea, horrela lortuko ziren-eta beharrezkoak ziren espazio berriak kale eta eraikuntzetarako. Kale batzuk desagertu ziren (Barrenkale eta San Andres eliza ingurukoak), beste batzuk sortu (Zuloagatarren kalea, San Agustin eta San Juan) eta zeuden asko zabaldu (Arragueta, Bidebarrieta, Calbeton, Isasi), moldatu (Urkizu aldea) eta luzatu ziren (Toribio Etxebarria kalea). Zirkulazioa aldatu egin zen: Urkizu-Bidebarrieta-Calbeton-Untzaga plaza eta Isasitik pasatzen zen Bilbo-Donostia errepide bakar eta kongestionatuari, alternatiba eta osagarri bat gehitu zitzaion: Urkizu-Errebal-San Juan-Udaletxea eta San Andres zeharkatzen zituena.

Regiones Devastadasek Ego ibaiaren estaltze- eta bideratze-lanak egiten zituen bitartean, udalerriko hainbat enpresak beren lantokiak eraikitzeko estaltze-lanak beren gain hartu zituzten. Hala gertatu zen «Alfa», «Sarasqueta Hermanos y Laspiur», «Albistegi y Mendivil», «Beistegui Hermanos», «Ayra Durex», «Acitain SA», «Larrañaga y Elorza», «Hijos de Gabilondo» eta «Ferretería Unceta» enpresekin.
Egin ziren eraikin publikoen artean honako hauek aipa ditzakegu: Merkatu Plaza 1945ean, Ipuruako Merkatu Plaza 1956an, Udal Hiltegia Azitainen 1956an, Guardia Zibilaren etxe-kuartelak 1955ean, Etxe Sindikala 1957an, Telefonika 1952an, eta Anbulatorioa 1947an, beste batzuen artean.

Maria Angela kalea berreraikitzen

Maria Angela kalea berreraikitzen. Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

Gerra ostean, herriaren suntsiketaren ondorioz etxe gutxi zeuden alokairuan eta prezioa izugarri garestitu zen, etxearen jabegoa ahal zutenen artean orokortu zen, eta etxe asko azpierrentan jartzen ziren, jende-pilaketa handia zegoen. 1941eko inspekzio baten arabera, Txaltxazelaiko etxe bateko gela batean gurasoak eta lau alaba bizi ziren, eta beste batean aitona, bi iloba eta beraiekin familia-erlaziorik ez zuen bikote bat.  

Etxe babestuak egiten lehena Regiones Devastadas izen zen Maria Angelako etxe-multzoarekin (146 etxe), eta geroago Guardia Zibilaren etxe-kuartela eginez (26 etxe). Bitartean OSH Obra Sindical de Hogar erakundeak Carlos Larrañaga auzoa eraiki zuen (199 etxe), eta jarraian Udalak etxeak eraikitzeari ekin zion Ipuruako etxadiarekin (308 etxe), zeina 1957an antolatu zen udal-higiezinen elkartearen abiapuntua izan zen.

Etxadiaren inaugurazioa eta etxeen banaketa, aipatu dugun moduan, Francisco Frnacok egin zituen 1949ko abuztuaren 11n, estatuko, probintziako, hiriko, inguruko herrietako eta Elizako hainbat agintari lagun. Francok gerraostean Eibarrera egin zuen lehen bisita etxeak banatzeko izan zen, baita guda bukatu zenetik hirian burututako berreraikuntza-lanak azpimarratzeko ere. Estatuburuaren hitzetan:

Es para mí una verdadera satisfacción venir a Éibar y encontrarme con una nueva Villa, distinta a la que hallamos al reconquistar el pueblo español. Cuando llegué a aquellos momentos a Éibar estaba todavía humeante la mecha, que de taller en taller, de casa en casa, iba a parar a la iglesia, y que momentos antes había sido apagada por uno de los combatientes de la Cruzada. Es decir, que la anti-España, la que negó siempre a España, la España roja pretendía destruir totalmente hasta los cimientos de la sociedad católica española. Y sobre aquellas ruinas, sobre ese campo asolado, véis como año a año y día a día, van surgiendo estos nuevos edificios, estas modernas construcciones que dan nuevo aspecto, un aspecto bello, generoso y noble, a nuestras ciudades y a nuestros pueblos.

60-70 hamarkadetara arte ia, herria hazten joan zen kontrolik gabe, eta arkitektoek nahikoa lan izan zuten orografia bitxiko eta tailerrez betetako ingurunearen urbanizazioa antolatzen. Batzuek diote Eibar adibide bezala jartzen dutela arkitektoek zer ez den egin behar erakusteko; beste batzuek, aldiz, “berezitasun” hori azpimarratzen dute hain zuzen; alegia, ez dela zaila Gasteizen etxebizitzak egitea, eta meritua daukana Eibar bezalako herri malkartsu eta estu batean eraikitzea dela.

Dokumentuaren akzioak

etiketak: 675urte