Gerraosteko Euskal Herrian eraikitzea. Eibarko berreraikuntza (1937-1957) liburua sarean 144 dokumentu eta argazki dituela
Dokumentu gehienak Eibarko Udal Artxiboko "Hirigintza eta Obrak Argazki Fondo"koak, baina baita AGA eta beste artxibo batzuetakoak ere. Eibarko udaleko Euskara-Kultura Sailak UEUrekin egindako elkarlanaren fruitu dugu publikazioa.
Lanak kapitulu nagusi bi ditu. Lehena, "Arkitektura eta hiria autarkia-garaian" dugu, eta bigarrena, "Eibarko berreraikuntza", ikerlanaren ardatz eta ikergai nagusi. Aurreneko kapituluak lau atal ditu. Hauexek:
- 1. Harri eta zementuzko falangismoa
- 2. Arkitektura eta hiria Estatu berri baten zerbitzura
- 3. Gerraosteko eraikuntza-arazoak
- 4. Dirección General de Regiones Devastadas y Reparaciones.
Bigarren kapituluak, ondoko bostak:
- 1. Gerraosteko hiriaren erronkak
- 2. Hiri-antolaketa berria: txikizioa eta hasierako lanak, urbanizazio plan berria (eraispenak, hondakinak kentzea, Ego erreka estaltzea, estolderia, ur hornikuntza...) eta antolakuntza berriaren emaitzak eta mugapenak.
- 3. Arkitektura publikoa eta hiria (udal zerbitzuak, estatuarenak...)
- 4. Etxebizitza. Atal horretan etxebizitza faltaren arazoa jorratu du gizarte-etxebizitzari arreta berezia eskainiz (etxe gabezia, Obra Sindical del Hogar, DGRD, "Cristo Obrero" kooperatiba, udal etxebizitzak Instituto Nacional de Vivenda...)
- 5. Industriarako arkitektura. Horixe dugu azken atala; bertan, industria-arkitekturaren garapena, profesionalak eta arkitektura industrialaren ezaugarriak eta tipologia aztertzen ditu.
Eranskin bi ditu, bata 1937tik 1957ra bitartean Eibarren lan egin zuten arkitektoena, eta bestea, denbora tarte horretan herrian beharrean jardun zuten ingeniariena.
Liburua doan deskargatu daiteke hemen sakatuta. Baita UEUren webgunean (www.ueu.org) eta Eibarko udalarenean ere.
Dokumentuaren akzioak