Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"II. Errepublikaren aldarrikapena Eibarren" hitzaldia Ego Ibarraren Youtube kanalean

2024/04/10
Eibarko Institutuko ikasleei Jesus Gutierrez historialariak eskaini zien hitzaldia

Alcalá-Zamora presidenteari eibartarrek emandako oparia (2001ean J.M. Guisasolak egina, jatorrizkoaren kopia). Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa

Historian zehar Eibarrek bizi izan duen pasadizorik aipagarriena azaldu zuen ikerlariak aldarrikapenaren arrazoiak emanez, Eibarrek garai hartan zuen egoera azalduz eta herriaren ezaugarririk nabarmenenak adieraziz.

Hitzaldiaren hasieran herriaren bereizgarrietako bat aipatu zuen, lana amankomunean egitearen garrantzia, eta, hortik abiatuta, XX. mende hasierako gertakizun nagusietatik Errepublikaren aldarrikapenaren ondorengo hiru aldietara igaro zen: aurrena, 1931-33, erabaki eta aldaketa sakonen sasoia (Konstituzio berria, boto-eskubide emakumeei…); hurrena 1933-36, eskumak irabazi zuenekoa (tartean, 34ko Urriko Iraultza); eta, azkenik, Frente Popularraren garaipena 1936ko martxoan, eta uztailaren 18ko estatu-kolpea eta ondorengo gerra zibila.

Gutierrezen aburuz ez da kasualitatea Errepublika Eibarren aldarrikatzea, herriak gizarte- eta klase-kontzientzia oso sustraitua zuelako eta urte asko zeramalako beharginen eskubideen aldeko borrokan. Apirilaren 14an egindako aldarrikapen goiztiar hartatik arratsaldeko 5ak arte —plazari Alfontso XIII. erregearen izena kendu eta Errepublikaren plaza izena jarri arte— Eibarko herritarrak kalean egon ziren, beren amets guztiak egi bihurtzeko itxaropenez.

Apirilaren 14ko ilusio hark ez zuen asko iraun eta laster zapuztu zen.

Dokumentuaren akzioak