Iñaki Larrañaga artista eibartarraren omenezko bideoa igo du Udal Artxiboak Youtube-ra
Iñaki Larrañaga
Iñaki Larrañaga Iglesias Eibarren jaio zen, hiriak Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen urte berean. Oso umea zela, gerratearen ondorioz, Elgoibarrera joan zen. Han igaro zuen bere bizitzaren zati handi bat; oroitzapen ederrak eta lagun onak dauzka gordeta herri hartan.
Hamahiru urte zituela, Oronozko San Martin Anaia Maristen ikastetxera joan zen merkataritza-peritu ikasketak egitera. Bost urte luze igaro zituen barnetegi zorrotz eta zurrunean. Ikasketak amaituta, Alfa enpresako langileen plantillan sartu zen, eta han jardun zuen lanean hiru hamarkadan zehar.
Bere izaera menderakaitzaren jaun eta jabe, pintatzen hasi zen “artea legerik gabeko jokoa” zela konturatu zenean. Lehen bakarkako erakusketa orduko Sociedad Cultural Recreativa Arrateren aretoan egin zuen. Haren ondoren, beste hamar erakusketa etorri ziren: Donostia, Lizarra, Cuenca, Oiñati, Bergara, Getaria, Tarazona, Zarautz, Eibar eta Deba.
Iñaki Larrañaga Gorutz Taldearen sortzaileetako bat izan zen, Fernando Beorlegi, Daniel Txopitea eta Marino Plazarekin batera; artisten arteko adierazpen- eta laguntza-modu berriak ikertzeko sortu zena. Gorutz-en lehenengo erakusketa 1974ko otsailaren 9an inauguratu zen, Eibarko Caja Laboralean. Geroxeago Elgoibar, Gernika, Irun, Gasteiz eta Iruñean erakutsiko zituzten beren artelanak.
Inguruan duen paisaiaz eta jendeaz maiteminduta, Iñaki bizi-indar handiko gizona da, eta bere tailerrean inoren arrastorik ez duten milaka aurpegi, begirada eta erretratu sortu dira, autorearen beraren hitzetan “oharkabean eta aldez aurretik pentsatzeke” agertzen den trazo batekin.
Eibarko Udal Artxiboak Iñaki Larrañaga artista eibartarraren omenezko bideoa igo du bere Youtube kanalera.
Dokumentuaren akzioak