Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jacinto Olave (1877-1957) pintore handiaren aurreneko erakusketa Donostian

2009/03/12
Jacinto Olave (1877-1957) pintore eibartar handiak egindako lanaren erakusketa martxoaren 13an zabalduko da eta apirilaren 19ra arte izango da ikusgai Kutxak duen Boulevard Aretoan (Donostia).

Jacinto Olave (1877-1957) pintore eibartar handiak egindako lanaren erakusketa nagusia martxoaren 13an zabalduko da eta apirilaren 19ra arte izango da ikusgai Kutxak duen Boulevard Aretoan (Donostia). Erakusketa hau, Juan Ignacio Olave bere bilobak hainbat urtetan egindako lanari esker antolatu da; komisarioa Mikel Lertxundi da.

Honatx erakusketarako atera den esku-programak dioena:

Jacinto Olaveren bizitzari eta obrari heltzerakoan, bere bizitzan baimenik gabe sartzen ari garela sentituko dugu. Ez baita batere ohikoa lanak jendaurrean ez erakusten hainbeste tematzen diren artistekin topo egitea. Olaveri buruz bere gelaxkan sartutako trapako monjea zela esan izan dute. Edo, arte munduan merezi zuen tokia eskuratzeko, bere burua saltzea baino ez zuela falta izan.

Cuadro de Jacinto OlaveEibarren jaioa, Jacinto Olavek arte ibilbidearen hasieratik bertatik utzi zuen agerian neurri gabeko apaltasuna. Horrek berak bultzatu zuen, hain zuzen ere, artisten topaguneak saihestera eta bere burua sustatzeko edozein saio baztertzera. Luzaroan bizi izan zen halaxe; azken urteetara arte, alegia. Hala ere, isolamendurako joera horrek ezin digu eragotzi Olaveren obra behar bezala baloratzea.

Arte munduko lehen urratsak Argentinako Mercedes hirian eman zituen, hara joan baitziren gurasoak artean haurra zela. Argazkiak ikatz ziriz kopiatzen hasi zen trebatzen. Baina benetako trebakuntza Ameriketatik bueltan egin zuen, Madrilen. Han Euskal Herriko artista askorekin izatea egokitu zitzaion, eta denek Olaveren marrazteko erraztasuna miretsi zuten. Laster utzi behar izan zuen marrazkia alde batera, ordea.

Izan ere, Eibarrera itzuli zenean, apal izaten tematutako margolari batek nahikoa eskaririk ez zuela konturatu zen. Beraz, grabatugintzari eta damaskinatugintzari heldu zien, pintzelak bazterrean utzita. Biziraun beharra zegoen, eta horretan jardun zuen hamazazpi urtean.

Olavek erretratugile ona izateagatik du tokia artearen munduan. Garaiko joeretatik urrun, estilo pertsonala landu zuen erretratuetan: oso pintura errealista eta dotorea. Arkatzez edo ikatz ziriz egindako lanak, enkarguz egindakoak, senideen eta lagunen erretratuak, haurrenak, autoerretratuak... Guztietan, arima aurkitzeko eta bizia emateko gaia izan zen Olave.

Cuadro de Jacinto OlaveAzken urteetan, Olavek bere obra ezagutarazteko nahia agertu zuen. Erakusketa urri horietako baten harira, kritikariek, lagunek eta zaleek ere berriro esan zuten Olaveren lana ikusteko, bere bila joan beharra zegoela. Apustu horixe egin dugu kutxan: Jacinto Olaveren lana berreskuratzea eta gipuzkoarrei erakustea. Horregatik jarri dugu ikusgai, hain zuzen ere, kutxa Boulevard aretoko 2009ko lehendabiziko erakusketan.

Flores Kaperotxipi margolari garaikideak honako hau esan zuen Eibarko margolariaz: "Jacinto Olaveri bisita egin ondoren, pentsatu nuen benetako tragedia zela Euskal Herriko artearentzat maila hartako artista batek bere burua ez ezagutaraztea. Zergatik, onenek bezain ondo margotzen bazuen? Zergatik, margolari bikaina bazen? Iruzkinarekin batera, bere koadro eta argazki bana argitaratu nuen, eta gipuzkoar gehienak harritu egin ziren haiekin -gazteak, batez ere-, Eibarren margolari bikain bat isilik lanean ari zela jakin baitzuten orduan".

 

Dokumentuaren akzioak