Jai-Alai 60-70 hamarkadetako musika eta aisialdiaren erreferente
"Jai Alai dantzalekua" (Atzo goizeko ipuinak, Jose Antonio Azpilikueta)
50eko hamarkadaren amaieratik erregimen frankistaren azken urteetaraino estatu espainiarrak Desarrollismo izenarekin ezagutzen den garai bat bizi izan zuen, hazkunde ekonomiko handia ekarri zuena. Gure herrian garapen hori nabarmena izan zen eta boom izugarria eragin zuen bai hirigintzan, bai populazioan, bai ohituretan…
Eibarren lana zegoen nonahi eta era guztietako produktuak ekoizten ziren: bizikletak, josteko makinak, motorrak, eskopetak, pieza osagarriak... Tailer handiak, ertainak eta txikiak perretxikoak bezala sortzen ziren, GAC, ALFA, BH, LAMBRETA… Herriak eskulana behar zuen eta jendea trumilka etortzen zen kanpotik. Izena ere berria jarri zioten: "la ciudad del dolar". Eibarrek El Dorado berria zirudien herri txikietatik lan bila ihes egiten zutenentzako. Jarduera industrial izugarri haren ondorioz, tabernak eta jatetxeak ere ugaritu ziren, lanaldia amaituta jendea disfrutatzeko gogoz ateratzen zelako.
Boom haren erdian, Jai Alai diskoteka entzutetsua ireki zen. Elgetako bidean kokatua, gaur egun Gizarte Segurantzako lokalak dauden tokian, dantzalekua musikaren eta aisialdiaren erreferente bihurtu zen 60-70 ko hamarkadetan.
Itxura denez, diskotekaren sasoirik onenean, dantzaldia egoten zen ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan eta orkestra finko batek jotzen zuen zuzenean. Garai batean, ostegunak irteteko egunak ziren Eibarren, artean ez zegoelako "sabado inglesik", eta lan-astea luze egiten zen. Jendea zinemara edo kafea hartzera ateratzen omen zen. Ostegun haietan, esaterako, orain Untzagako Kutxa dagoen tokian taberna bat zegoen, eta han Miguel Sagastume "Urkiko magoak" akordeoia jotzen zuen.
Areto hartatik igaro ziren orduko Espainiako artista eta abeslari ezagunenetariko batzuk, beste askoren artean, Trío Calaveras, Los Rivero, Cuarteto Candilejas, Los Llaneros, Carlos Acuña "El Rey del Tango", Rocío Durcal, Conchita Bautista, Rocío Jurado, Los Tres de Castilla, Massiel, Los 3 Sudamericanos, Raphael eta abar luze bat.
Sasoi hartan, Radio Eibar izeneko irratia zegoen herrian, eta Jai Alain antolatzen ziren musika-lehiaketak irratiz ematen zituen zuzenean. Lehiaketa haien aurkezleetako bat Mateo Guilabert izan zen, bere Alfako lana irratikoarekin bateratzen zuena. Finaletan nazioarteko izena zuten artistak ekartzen zituzten ebentuari garrantzi handiagoa emateko. Hala, beste askoren artean Eibartik pasa ziren Rita Pavone eta Hermanas Benitez kubatarrak. Jaialdi haien bidez, eta lehiaketaren batean irabazitako sari bati esker, bertako eta inguruetako musikari askok aukera izan zuten beren lehen urratsak emateko musikaren munduan. Hori da Los Tropicales taldearen kasua. Anekdota gisa, 1978. urtean Zarama taldea Jai Alain antolatutako lehiaketa batera aurkeztu zen.
Geroago Ariatza Bolera izango zen Jai Alai dantzalekuaren lekukoa hartuko zuena. Bolera oso famatua egin zen eta jaialdi handiak antolatzen zituen garaiko figura ezagunenak ekarriz: Formula V, Los Mismos, Karina, Massiel, Miguel Ríos, Mari Trini edo Tony Ronald; Aretoak 350 lagunentzako edukiera zuen eta mila ere egoten ziren. Sasoi batean gazteek dirua manejatzen zuten eta asteburuan egiten zituzten diru-bilketa edo errekaudazioak ikaragarriak izaten ziren. Hain zen horrela ezen errekaudazioak kiloka pisatzen ziren.
Pasatu zen boom industrial hura, itxi ziren Jai Alai eta Bolera, desagertu ziren musika-lehiaketak, baina beste dantzaleku batzuko sortu ziren zaharren lekukoa hartu zutenak, eta 80-90eko hamarkadetan mitikoak izan zirenak, besteak beste, Micky Mouse dantzalekua eta Tas-Tas kafe-antzokia. Baina hori jada beste istorio bat da.
Dokumentuaren akzioak